Albisteak

Azken patriarka argitaratu du Txalapartak

Asteartea, 2017-01-17

Najat El Hachmi idazle katalanaren Azken patriarka eleberria argitaratu zuen abenduan Txalaparta argitaletxeak, Jexux Mari Zalakainek itzulia. 2008an argitaratu zen estreina nobela eta Ramon Llul saria eskuratu zuen. Durangoko Azokaren bueltan, Euskal Herrian izan zen idazlea eta hainbat elkarrizketa eskaini zituen.

Marokotik Kataluniara aldatzen den familia baten bizipenak kontatzen ditu El Hachmiren Azken patriarka eleberriak; hain zuzen, Mimoun Driouch da eleberriko protagonista, saga bateko azken patriarka. Pertsonaia gorrotagarria da Driouch, askatasun handiz egiten ditu gauzak, senide emakumezkoei, berriz, eragotzi egiten dizkie. Autorearen lehen nobela dugu hauxe: 2008an kaleratu zuen, eta arrakasta itzela lortu. Horren aurretik, Jo també sóc catalana [Neu ere katalana naiz] saiakera idatzi zuen, eta, orduz geroztik beste bi eleberri ere publikatu ditu: La caçadora de cossos [Gorputzen ehiztaria] eta La filla estrangera [Alaba kanpotarra], 2011n eta 2015ean, hurrenez hurren.

Liburuak idazteaz gainera, El Hachmik sarri kolaboratzen du Kataluniako komunikabideetan, eta zutabeak eta artikuluak idazten ditu. Hain justu ere, Mikel Soto Txalapartako editoreak artikulu horietako bat gomendatzen du Gure Liburuak aldizkarian. El nostres cossos, nosaltres decidim [Gure gorputza, gure erabakia], Nizan burkinia kentzera behartu zuten emakumearen kasuari buruzkoa.

Abenduan, Durangoko Azokaren bueltan, Euskal Herrian izan zen El Hachmi, eta hainbat elkarrizketa eskaini zituen. Besteak beste, honako hauek esan zizkion Uxue Razkin kazetariari, Klitto aldizkarian:

[Ironiari buruz]

Erabilitako ironia nahita egindakoa da eta boterea duena zalantzan jartzeko aproposa da, botereari kontra egiteko, alegia. Kontatzen ditudan gertakizunak hain dira gogorrak -biolentziaren gehigarriarekin gainera- ezen modu dramatikoagoan kontatu izan banu, folletoia izango zatekeen. Distantzia eskaini zidan ironiak. Egoera gogorretan ironia baliatzea Maroko aldean ohikoa da, nire familian bizi izan dut hori. Zorigaiztoko konturen bat ari zaizkizu kontatzen eta umore apur batekin gainera. Horren adibide dugu Abdelkader Benali idazle holandarra (jaiotzez marokoarra).

[Patriarkatuaz]

Saiatzen naiz nik bizi izan ditudan egoera horietan neure burua arakatzen. Gauza asko zalantzan jartzen dituzu eta oso baliagarria da hori guztia bideratzeko eta korapiloak askatzeko… hori idazketaren bitartez egiten dut nik, asko ikasten dut horrela. Azken patriarkarekin jabetu nintzen patriarkatuaren egituraz, adibidez. Matxismoa oso gertutik ezagutzen nuen baina ez nintzen jabetu larderiazko pertsonaia bat baino gehiago zela, hau da, egitura zabalago bat zegoela horren atzean. Enkistatuta dago matxismoa eta oso kaltegarria da pentsatzea gaindituta dagoela.

Captura de pantalla 2017-01-17 a las 7.05.50

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)