Albisteak

Azokaren uberan: EHAZEren antzerki nobedadeak eta Szenatokia

Osteguna, 2017-12-07

Iazko apustuarekin jarraituz, EHAZE-Antzerkizale elkarteak antzerkiari loturiko bi nobedade aurkeztuko ditu gaur Durangoko Azokan: Miren Gaztaņaga eta bere taldekideen Stereo liburua batetik, euskal antzerkiaren egungo egoera gogoetagai duen Argazki hau euskaraz mintzo da liburu kolektiboa bestetik. Horrez gain, Szenatokiaren egitaraua abiatuko da gaur bertan San Agustinen, “Ele” antzezlanarekin.

EHAZEk bi argitalpen ildo jarri zituen martxan 2016an, euskarazko antzerkigintzaren arloan maila horretan dagoen hutsunea betetzen laguntzeko asmoz: batetik teatro testuak eta dramaturgia oharrak (Dejaburen Arrastoak), eta bestetik saiakera eta pentsamendua (Karlos del Olmoren Arestiren nazioa, antzerkia). Aurten jarraipena eman diogu bide horri, honako argitalpen hauekin:

EHAZE-Stereo-azalaUrdina

Titulua: Stereo.

Egilea: Miren Gaztaņaga (eta piezako lan-taldea)

Miren Gaztaņagaren Stereo pieza zer izan den jasotzen duen liburua, Gaztaņagak berak idatzitako testuekin, gogoetekin, Ainhoa Resanoren argazkiekin eta prozesuan parte hartu zuten Ainhoa Jauregi eta Ibon Aguirreren hitzekin. Hainbat kolaboratzaileek ere piezatik abiatuta artikuluak idatzi dituzte liburuan: Uxue Alberdi, Kattalin Miner, Jokin Azpiazu, Miren Narbaiza Martiartu, Oihana Garro Larraņaga, Ibon Aguirre, Oier Guillan.

Stereo liburu esperimentala eta berritzailea izango da: Stereo dantza, mugimendua eta performancean oinarritutako pieza bat izanik, testu gutxi erabili zuen oholtza gainean. Liburu hau testuan oinarritzen ez den lan eszeniko bat liburu formatuan eta idatziz sortzeko ahalegina eskainiko du. Horrez gain, genero gaiak eta trantsiziozko gorputzak ziren piezaren oinarria, eta liburu honetan gai horien inguruko gogoeta eta testuak topatuko ditu irakurleak.

Stereo pieza 2009an estreinatu zen, BAD jaialdiaren barruan. Ordutik plaza ugari ezagutu ditu eta oraindik ere taularatzen jarraitzen da. Miren Gaztaņaga, Ainhoa Jauregi eta Ainhoa Resano izan ziren piezaren sortzaileak, gerora hainbat artistaren kolaborazioarekin.

Kontrazaleko testua:

“Asko gustatzen zait publikoari pertsonaia nola eraikitzen dudan erakustea. Gustukoa dut beraiek ekintza honekin identi?katuta sentitzea. Azken ?nean egunerokotasunean gure burua eraiki eta deseraikitzen dugu, tarteka, jolas baten moduan ezta? Gure gorputza den mihisearen gainean hainbat elementu kendu eta jartzen ditugu, eta egunero jolasten dugu garen horrekin. Norberaren egunaren arabera aldatuz goaz. Dauzkagun hitzordu desberdinek, eskura dauzkagun elementuek eta gure desio eta fantasiek, besteak beste, garen hori modu batera edo bestera birsortzera edo birdiseinatzera garamatzate. Nahiz eta batzuetan behartuta sentitzen garen eta hori ez den batere atsegina izaten, transformazioak, nire ikuspegitik, plazerarekin ere dauka harreman handia. Azken ?nean, edonoren ispilu aurrean egunero gertatzen den errituala da, kasu batzuetan nabarmenagoa besteetan baino, baina, betiere logela eta komun guztietan gertatzen den alkimia.”  (Miren Gaztaņaga)

EHAZE-Txostena-azala-azpititu

Titulua: Argazki hau euskaraz mintzo da.

Egilea: EHAZE-Antzerkizale elkartea.

Edukia:

-2016-17ko denboraldiko estreinaldien zerrenda.

-EHAZEren gogoeta kritikoa euskal antzerkigintzaren egoerari buruz.

-Iritzi artikuluak: Agus Perez, Jaime Valverde, Arantzazu Fernandez.

Kontrazaleko testua:

“EHAZEk bere ibilbidea hasi zuenetik sarri etorri izan zaizkigu hainbat eragile unean uneko gaiez iritzi eske, kulturgintza dela, kultur kudeaketa dela, euskal antzerkigintzaren egoera dela. Urteen joanean ahal bezala erantzun izan diegu eskakizun horiei, baina gauza bat geratu zaigu argi: ez dago egun euskal antzerkigintzaz gogoeta egiten lagunduko duen argazkirik.

Eta egon, badago zeri argazkia atera. Esango genuke Euskal Herriko antzerkigintza sendo kokatu dela azken urteetan kulturgintzaren testuinguruan: euskarazko antzerkigintzak nolabaiteko eztanda bizi izan du azken hamabost urteetan, igo egin da obren kantitatea eta kalitatea, igo egin da publikoaren interesa. Eta garrantzitsuena dena, euskal sortzaileek egindako eskaintzek gero eta gehiago egin dute bat orain eta hemen euskal jendarteak izan ditzakeen kezka politiko, sozial eta estetikoekin.

Noski, asko dago egiteko. Hasi besterik ez gara egin. Azken urteetan nolabaiteko eztanda sumatzen dugula diogunean, esan gabe doa egoera zailean geundela eztanda horren aurretik. Eta oraindik ere egoera zailean gaude. Baina beti egon da antzerkigile saldoa borrokan.

Euskal Herrian une indartsua bizi du antzerkigintzak. Eta irudiak isil mintzo diren arren, argazki hau euskaraz mintzo da." (EHAZE)


LIBURUEN AURKEZPENA AHOTSENEAN

Ahotsenean aurkeztu zituzten atzo bi nobedade hauek. Aurkezpenean Miren Gaztaņagak eta EHAZEko kideek hartu zuten parte.

SZENATOKIAKO EGITARAUA

Szenatokia guneko egitaraua atzo abiatu zen 18:00etan Ele! antzezlanarekin, EHAZE eta San Agustin antzokiaren arteko elkarlanarekin. Josu Kamararen zuzendaritza eta Jon Maiaren gidoia duen lan honek Lauaxeta eta Lorca ditu hizpide: biak izan ziren idazle eta poeta ikoniko, bakoitza bere herrian, bere kulturan. Baina biek hainbat ezaugarri izan zituzten amankomunean: biak modu beretsuan hil ziren, biak urte beteko aldean fusilatuak izan zirelako diktaduraren hastapenetan. Bata, Andaluziako lurretan jaiotako poeta errepublikarra izan zen; bestea, Euskal Herrian jaiotako poeta abertzalea. Bi muturretako ertzak badirudite ere, inork gutxi daki bien bizitza gurutzatu egin zela.

Ele! antzezlanaren haria poeta bien olerkiek osatzen dute. Hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabiliz, hain desberdinak ei diren kulturak eta herriak elkartuko dituzte. Memoria historikoaren ur sakonetan barrena, aniztasunaz eta artearen giza-baloreez ari da Ele!, poeta bi horiek iraganetik orainaldira ekarriaz.

Ele! emanaldiaz gain, pieza laburren maratoia, haurrentzako antzezlanak… HEMEN ikus dezakezue egitaraua osorik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)