Albisteak

Azokaren Uberan, ipuin liburuak

Igandea, 2018-12-09

Nobelek jasotzen dute arretarik handiena. Hemen eta gainontzeko literatura sistemetan. Kopuruz ere, gehiago dira beti. Narrazio liburuek, orohar, ez dute oihartzun berbera izaten eta ez dira nobelak bezain ugariak. Hau ere fenomeno orokorra da. Ipuinaren generoak, dena den, bere zaletuak ditu. Haientzat (eta ipuingintzan interesa duen ororentzat) prestatu dugu gida moduko hau. Udazkenetik hona hauek izan dira argitara eman diren liburu batzuk.


 

Ińigo Aranbarri, Munduko tokirik ederrena (Susa)

Ińigo Aranbarrik bere lehen ipuin liburua plazaratu du: Munduko tokirik ederrena (Susa). Aspaldian duen kezka bat izan du abiapuntu: "Nola bizi atzoko guztiak gero eta pisu handiagoa hartzen didan honetan?". Urgentziaz idatzitako hamar ipuinotan topatuko duzue erantzuna.

Munduko tokirik ederrena liburua zor kitatze bat izan da. Iraganarekin zor kitatzen bat". Azkoitiko idazleak aurkezpen ekitaldian aitortu zuenez, "nik ez dakit orainean moldatzen atzokorik gabe. Hori izan da liburuko ipuinen abiapuntua”.


Aritz Gorrotxategi, Ahazten diren gauzak (Erein)

Ińigo Aranbarriren antzeko abiapuntua du Aritz Gorrotxategiren ipuin liburu berriak. "Nork aukeratzen ditu gogora ekarri nahi ditugun memoria puskak? Zergatik pilatzen dira pasarte batzuk eta gainerakoak galdu? Pentsatzen jarrita, dibertigarria da gure memoria kudeatzen duen gorputz burokratiko oso bat irudikatzea, bere mezulari eta kontseilari propioekin, galeriaz galeria denak, oroitzapen bihurri baten bila". Aritz Gorrotxategiren ustez, "memoria kontuetan ezer ez da menturaz gertatzen. Beraz, gu geu gara gogoratzen dugunaren eta ez dugunaren erantzule. Bitxia da onartzea: geu gara gure memoriaren arduradun bakarrak".


Harkaitz Cano, Mecanografiak (Txalaparta)

Txalapartak Harkaitz Canok idatzitako ipuinen bilduma bat aurkeztu zuen iraila hasieran: Mecanografiak. Irati Jimenez idazleak egin du aukeraketa lana eta  kazetarien aurrean eginiko agerraldian aitortu duenez, “fikziozko literaturaren liluraz berriro maitemintzeko balio izan dit”.

Radiobiografiak (Elkar, 1995) liburua plazaratu zuenetik hona, Harkaitz Canok ipuin ugari plazaratu ditu han hemenka. Bilketa lana egiteko orduan, “intuizioz edo bulkadaz erabaki dut zer aukeratu eta zer ez”. Irati Jimenezen helburua ez zen “perspektika akademiko batetik eginiko tesi bat egitea edota bere obra guztia jasoko zuen antologia bat osatzea”. Harkaitz Canoren “narraziogintzaren ikuspuntu zabal bat ematea izan da nire asmoa”.


Iban Zaldua, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar)

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (Elkar) liburua bizitzaren miseria handiei "eta batez ere txikiei buruzko liburu bat" dela dio Iban Zalduak. Ipuinek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, dena den, kontakizun hauetan zenbait egoera errepikatzen dira eta hortik dator izenburua. “Beste zentzu orokorrago bat ere badu liburuaren izenburuak”, Iban Zalduak aurkezpen prentsaurrekoan zehaztu zuenez. “Fikzioaren bitartez adierazten ditugu hobekien eguneroko bizitzaren hizkuntzan kontatzen ausartzen ez garen gauzak”.

Idazle bakoitzak bere joerak ditu. Iban Zalduaren ipuingintzan esate baterako, zientzia fikzioa askotan ageri da. Gauzaz edo euskal gatazkaz idaztea. Horra Zalduaren beste joera. “Niretzat askotan erronka hauxe izaten da: ahalik eta modu ekonomikoenean errealitateari azpiak ateratzea. Errealitatea hezurretan uzteko ahalegin bat da nire ipuingintza”.


BESTELAKOAK

Bi argitalpen gehiago batu ditugu zerrenda honetara. Ez dira ipuin liburuak baina narrazioaren generoan kokatu daitezke biak: Asteburu zuri bat/Usainak (Farmazia Beltza) liburu partekatua eta Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Habanako gaukaria (Pamiela) Joseba Sarrionandiaren berriena.


Bi liburu batean

AsteburuZuriBat

Farmazia Beltza argitaletxearen lehen argitalpenak bi liburu dakartza bakarrean: alde batetik begiratu eta Garbińe Ubedaren Asteburu zuri bat narrazioa topatuko du irakurleak. Beste aldetik begiratu eta beste bat da azala, David Zapirain Usainak testu laburrekin osatutako lana. Edo alderantziz. Tirada txikiak egin dituzte baina hainbat saltokitan jarri dituzte salgai.


Testu laburrez osatutako artefaktu literarioa

Azokaren atarian, Joseba Sarrionandiak testu laburrez osaturiko liburu bat plazaratu du: Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Habanako gaukaria (Pamiela). Aurtengo urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko eguneroko moduko bat da. Hausnarketak, oroitzapenak, aipuak eta narrazio laburrak batu ditu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)