Albisteak

Azoka badator

Osteguna, 2017-09-14

Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era egingo da, baina erakusmahaiak alokatzeko epea asteon zabaldu da. Ahotsenean izena emateko garaia, ordea, urriaren 4an irekiko da.

Durangoko Azokan stand bat ipini nahi duenak, orain du garaia. Argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile eta autoekoizleek www.durangokoazoka.eus atarian egin ahal izango dute eskaria, irailaren 30era bitartean.


Aukera ezberdinak

Bere lanak Durangoko Azokan salgai ipini nahi dituenak, aukera hauek ditu eskura: erakusmahai osoa edo erdia kontratatu dezake. Beste aukera bat ere bada. Hainbat sortzailerekin batera auto-ekoizpenen gunea partekatzea.

Bat ala beste, alokatzearen prozedura Durangoko Azokaren web orrian egin behar da. “Aurretik parte hartu dutenek beren erabiltzaile izenarekin egin beharko dute; aldiz, lehenengo aldiz Azokara datozenek beren burua erregistratu beharko dute lehenbizi expositore gisa. Stand mota hurrengo urratsetan aukeratu beharko da”, Durangoko Azokatik aditzera eman dutenez. “Auto-ekoizleen guneari dagokionez, behin izen-ematea amaituta, eremua nola partekatu adosteko bilera bat antolatuko da (espazioaren dekorazioa, txandak…)”.

Ohi bezala, Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kosturik gabe beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera emango die.


ahotsenea2

Ahotsenea, urriaren 4tik aurrera

Urriaren 4an asteazkena, goizeko 09:00etan zabalduko da Ahotsenean izena emateko epea. Beti bezala, bi baldintza hauek bete beharko dira:

1.- Euskaraz sortutako lanak izatea.

2.- 2017an kaleratutakoak izatea (formatua edo euskarria edozein delarik).

Lanak zuzenekoen (kontzertua) edo solasaldien (solasa, errezitaldia, performancea, akustikoa...) bidez aurkeztu ahal izango dira.

“Eskaera egitean ahotsenea.durangokoazoka.eus webgunean eskuragai duzuen fitxa teknikoa beteta atxiki behar duzue. Eskaera guztiak poliki kudeatuko ditugu (izena ematen duzuen egunean harremanetarako telefonoak piztuta eduki, mesedez)”, Ahotseneatik aditzera eman dutenez.


Ikasleen Eguna, abenduaren 7an

Azoka abenduaren 6arekin abiatuko denez, abenduaren 7a izango da Ikasleen Eguna.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)