Albisteak

Bakardadeari aurre egiteko bideak

Ostirala, 2016-05-20

Ohe hotzak eleberria argitaratu du Jon Ariza de Miguelek, Elkar argitaletxearen eskutik. Argumentua: aspaldi urrundutako eta hoztutako adiskide bati bigarren aukera ematea erabakitzen du protagonista. Berriz abiatutako harreman horri buruzkoak aletzen dira beraz, baina, baita ere, beste hainbat gairi buruzko gogoetak.

Estreinako liburua du Jon Ariza de Miguelek, eta Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan, sorpresa atsegina izan zen Arizaren lana jasotzea. Ezohiko moduan jorratzen ditu kultura eta musika, adibidez, eta euskal literaturan hain sarri agertzen ez diren giro eta erreferentziak ere badaude. Atzerriko hiri batean gertatzen da trama gainera, protagonista bera atzerritarra da. Horrek ere gehitzen dio arroztasun kutsua lanari. Liburuak badu beste berezitasun bat ere: testuaz gain, kapitulu bakoitzak marrazki bat dakar; Asier Madarietak egin ditu guztiak. Hitzaurrea, berriz, Angel Errok idatzi du.

Arizaren iritziz, askotariko hausnarketez gainera, liburuaren muina honako hau da: gizakiak, bakarrik baikaude, bi modutara egin diezaiokegu aurre bakardade horri. Batetik, norbait sar dezakegu gure bizitzan, bakardade hori betetzeko. Bestetik, bakardade hori gure laguntzat har dezakegu, eta horrekin bizitzen ikasi. Liburuan bi aukerak agertzen dira: ikusten dugu protagonista bakardadeari bakarrik aurre egiten eta ikusten dugu protagonista bakardadeari lagun baten eskutik aurre egiten. Mendigurenen galdera: "zer bideren alde egiten duzu zuk?". Arizaren esanetan, eleberrian behintzat, auzia ez da ebazten. Protagonistak une onak eta txarrak pasatzen ditu bakarrik dagoenean, eta une onak eta txarrak pasatzen ditu lagunarekin dagoenean ere. Norberarena da aukera.

Protagonistak ez du izenik, eta, oro har, ez da ematen pertsonaiei buruzko datu bat, zeina, oro har, hil ala bizikotzat jo ohi baitugu. Ez dakigu gizon ala emakume diren. Arizaren hitzetan, ez du axola, giza bakardade hori iguala baita gizon-emakumeentzat oro. Bestalde, protagonista eta bere adiskidea lagunak edo maitaleak diren ere ez da garbi gertazen. Arizaren hitzetan, berriro ere, ez du axola, biak baitira, adiskidetasuna eta amodio pasionala, gaitz berari aurre egiteko modua, oso antzekoak, funtsean.

Literaturian aurkeztuko du eleberria Arizak, bihar, 12:20ean, Garoa liburu-dendan. Autoreak liburuaz zer dioen jakiteko, hona hemen Elkar argitaletxekoek egin dioten elkarrizketa.

Jon-Ariza

 

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)