Albisteak

“Begirada sozial eta feminista batek zeharkatzen du liburu osoa”

Asteartea, 2018-07-03

Sonia Gonzálezek urte askotako isiltasuna apurtu du. Erreka haizea (Susa) liburua 128 atal laburrez osatzen da. Kontakizun oso pertsonalak batu ditu liburuan. “Niri pasatakoak kontatu ez ezik, pasatakoari buruz hausnartu nahi nuen”.


Erreka haizea (Susa) liburuak Botere, isilpen eta herioaz du azpititulu. “Aski azpitulu esanguratsua”, Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen esanetan. Sonia Gonzálezek ertz askotatik begiratu die hiru ardatz horiei eta “alde horretatik oso liburu aberatsa dela esan dezakegu”.

Erreka haizea ez da sailkapen errazeko liburua. “Saiakera bat da baina ez da saiakera akademiko bat. Beste bide batzuetatik iristen da saiakera akademikoek duten sakontasun horretara”, Leire Lopezen ustez. “Bizi ditugunetatik abiatzen da gai horiek lantzera, ez direlako guregandik banatutako gaiak. Hala ere, beharrezko distantzia ere hartzen du gai horiei buruz hitz egiteko orduan”.


“Gizartearen miseriak disekzionatzen ditu

Sakoneko ezberdintasunak, minak, ezin esanak. Asko dira Sonia Gonzálezen lanak islatzen dituen korapiloak. Susako editorearen esanetan, “liburuak gizartearen miseriak disekzionatzen ditu”. Barakaldoko idazleak umetan ikasi zuen ikasgai bat hartzen du hizpide: Beti ahularen alde paratzekoa. “Eta Sonia Gonzálezen liburua horren froga bat da. Begirada sozial eta feminista batek zeharkatzen du liburu osoa”, Leire Lopezen esanetan.


Minaren kronika

Liburua 128 testu laburrez osatuta dago. Testu horietako bakoitza testu independente bezala irakurri daiteke “eta funtzionatzen du”. Baina liburua bere osotasunean irakurri eta gero, “beste maila bat hartzen dute testuek”. Leire Lopezentzat “minaren kronika bat osatzen dute. Sendatzearen bilaketa bat, mundua eta gertatzen zaizkigunak ulertzeko saiakera bat”.


Guraso etorkinen alaba euskalduna

Soniak Gonzálezek kontakizun oso pertsonalak batu ditu liburuan. “Niri pasatakoak kontatu ez ezik, pasatakoari buruz hausnartu nahi nuen”. Sonia González guraso etorkinen alaba euskalduna da. Horren inguruko burutazio asko topatuko ditu irakurleak Erreka haizea (Susa) liburuan barrena. Eta burutazio horiekin lotuta dauden bestelako kezkak. Jatorriaz, euskalduntasunaz eta ama-hizkuntzaz mintzo da hainbat ataletan.


Botere harremanak eguneroko bizitzan

Botere harreman klase anitz daude eta liburuko testu askotan horretaz mintzo da Sonia González. “Botereaz asko idatzi da baina boterearen inguruan oso gutxi hausnartzen dugu eguneroko bizitzan”. Barakaldoko idazlearen esanetan, “ez gara kontziente nola sortzen diren botere sare horiek gure inguruan”. Herioa, gaixotasun mentala, depresioa eta suizidioa dira landu dituen beste gai batzuk. Liburuaren markoa osatzen duten tematikak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)