Albisteak

"Bidea" aurkeztuko dute Concetta Probanza eta Pello Añorgak

Edo! argitaletxearen eskutik argitaratu duteAstelehena, 2015-12-14

Concetta Probanza marrazkilariak eta Pello Añorga idazleak indarrak batu dituzte eta liburu bat sortu: Bidea. Edo! argiteletxearekin eman dute argitara, Begikoak sailaren barruan. Hain zuzen, irudi- eta arte-liburuei arreta berezia eskaini die Edo! argitaletxeak, sorreratik bertatik. Bideari buruzko hausnarketa bat da liburua, eta ostiralean aurkeztuko dute Zarauzko Bidea Galerian.

Bideari buruzko gogoeta ondu dute Concetta Probanza marrazkilariak eta Pello Añorga idazleak elkarrekin, Edo! argitaletxearen eskutik. Ostiralean egingo dute aurkezpen-ekitaldia, 20etan, Zarauzko Bidea Galerian. Horrez gain,  hilaren amaierara arte aukera izango da galeria horretan bertan erakusketa bat ikusteko, liburuko ilustrazio originalekin erakusketa osatu baitu Probanzak. Abenduaren 27an itxiko da, eta erakusketari amaiera emateko kontzertua izango da. MalaQoda taldea ariko da, ahotsa, gitarra eta perkusioarekin osatutako taldea.

Ipuin-kontalari ezaguna eta idazle oparoa da Pello Añorga oiartzuarra. Haur eta gazte literatura jorratu du batik bat, eta horientzat argitaratu ditu hogei liburu pasa, hainbat argitaletxeren eskutik. 2008an Euskadi Saria eman zioten, haur eta gazte literaturako atalean.

L1230878

Marrazkilari eta ilustratzailea da Concetta Probanza (Urretxu, 1969). Komikia jorratu du, margolaritza ere aritua da eta literaturan alorrean hainbat idazleren liburuak ilustratu ditu, hala nola José Luis Padrón, Pako Aristi eta Ixiar Rozasenak. Berriki, Gure Genealogia Feministak liburukotea ere ilustratu du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)