Albisteak

Bernardo Atxagak hasitako kontakizunari segida emateko aukera

Asteartea, 2018-06-19

BizkaIdatz sariketaren aurtengo edizioan, Bernardo Atxagaren Istripua kontakizunaren hasiera hartu beharko da abiaburutzat. Gaztelaniazko atalean, Itziar Mínguez Arnáizen Escape kontakizunarena. Lanak aurkezteko epea irailaren 20an amaituko da.

 

BizkaIdatz X. Literatura Sariak bizkaitarren sormen literarioa bultzatzea du helburu. Bertan hamasei urtetik gorako pertsonek har dezakete parte. Aurkezten diren idazlanek Atxaga edota Mínguez Arnáizen kontakizunen pertsonaietara eta egoeretara egokitu behar dira.

Parte-hartzaile bakoitzak nahi duen beste lan aurkez dezake. Euskarazko nahiz gaztelaniazko lehiaketetan eman dezake izena eta epaimahaiak horrela erabakitzen badu, atal bietan izan daiteke irabazle.

Hori bai, euskarazko kontakizunaren hasiera aukeratuz gero, kontakizunak euskaraz jarraitu behar izango du; gaztelaniazkoa aukeratuz gero, berriz, gaztelaniaz.


Neurriak

Narrazioek, gutxienez, 12 orrialdeko luzera izan beharko dute, eta, gehienez, 15

orrialdekoa. «Times» edo «Arial» letra erabili beharko da, alde bakarrean eta A4 tamainako orrietan idatzita. Eta honako ezaugarri hauek gorde behar dituzte: gorputza, 12; espazioa, bikoitza; gutxienez 24 lerro eta gehienez 32 lerro orrialde bakoitzean, eta lerro bakoitzean, gutxienez, 70 karaktere, salbu eta ortografiazko zeinu jakin batzuen aplikazioaren emaitzako salbuespenak.


Epea

Eskabideak aurkezteko epea 2018ko irailaren 20ra artekoa izango da, egun hori barne.


Sariak

Lehenengo saria, euskaraz: 1.500 euro eta diploma.

Lehenengo saria, gaztelaniaz: 1.500 euro eta diploma.

Bigarren saria, euskaraz: 500 euro eta diploma.

Bigarren saria, gaztelaniaz: 500 euro eta diploma.

Finalista-saria, euskaraz: diploma.

Finalista-saria, gaztelaniaz: diploma.

Sari ekonomikoei atxikipen fiskalak egingo zaizkie, legeak ezartzen duenarekin bat. Saria jaso duten kontakizunak edizio berezi batean argitaratuko dira.


Eskabideak aurkezteko tokia

Eskabideak eskuz edo postaz aurkeztu behar izango dira, Laguntza Erregistroa eta Herritarrenganako Laguntza Bideratzeko Bulegoan (Diputazio kalea, 7, 48008-Bilbo) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako eran. Horrez gainera, aukera egongo da eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkezteko. Adingabeen eskabideak haien guraso-ahala edo legezko ordezkaritza duten pertsonek aurkeztu beharko dituzte.


Informazio osoa, esteka honetan

Lehiaketa honen oinarriak esteka honetan aurkituko dituzue: Bizkaidatz.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)