Albisteak

Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Saria, martxan

Lanak aurkezteko epea: maiatzaren 30a baino lehenAstelehena, 2017-03-20

Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak “Blas de Otero-Bilboko Hiria” Nazioarteko Poesia Sariaren hamargarren edizioa deitu dute. Lehiaketak 5.500 euroko bi sari emango ditu, euskaraz zein gaztelaniaz irabazle izango diren bi poema lanetarako.

Ohi bezala, lehiaketara aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, eta ez dira onartuko beste lehiaketaren batean sariak lortu dituztenak edo accesiten bat jaso dutenak. Horrez gain, ez dira jatorrizko gisa onartuko beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.

Lanek gutxienez 700 bertso-lerro eta gehienez 1.000 eduki ahal izango dituzte, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira. Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenez, lanak formatu digitalean baino ezin izango dira bidali: Bilboko Udalaren webgunearen bitartez (www.bilbao.eus/premioblasdeotero).

Epeari dagokionez, poemak maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira.


Beatriz Chivite nagusitu zen iaz

beatrizchivite1

Aurreko edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea René Fuentes idazle kubatarra izan zen, “Guitarra del mesón” poema liburuarekin. Beatriz Chivite idazle nafar gazteak lortu zuen euskarazko sari nagusia, “Biennale” lanari esker. 469 poema liburu aurkeztu ziren –horietatik 8 euskaraz–.

Lehiaketa honen oinarriak ondoko estekan topatuko dituzue: Blas de Otero-Bilboko Hiria Poesia Saria.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)