Albisteak

Oier Guillan, Ińigo Cobo eta Patxo Telleria saritu dituzte Cafe Bar Bilbao sariketan

Asteazkena, 2018-01-31

Lehiaketa honek teatro laburreko gidoiak saritzen ditu. 41 idazki jaso dituzte aurten. Hauetatik 13 euskaraz idatzita zeuden eta gainontzeko guztiak gazteleraz. "Aitortu behar dugu lan zaila izan dela irabazleak aukeratzea, aurkeztu diren antzezlanen kalitate ona dela eta", Cafe Bar Bilbao sariko antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Oier Guillan, errealismoaren eta absurdoaren artean

Oier Guillan Ero, ia izeneko euskarazko gidoiarekin saritu dute. Gaur Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan adierazi duenez, gidoi sarituak benetako gertaera bat du abiapuntu. “Testu honek Javier Barandiaran aktore eta brigadistaren istorioa kontatzen du, nola 2003ko gerraren eztandak Bagdaden harrapatu zuen eta beste brigadista batzuekin batera han geratzea erabaki zuen, besteak beste Euskaldunon Egunkaria-ri (trantsiziozko Egunero-ri) kronikak bidaltzen”. Istorioa bere antzerki taldeko lagunen ikuspegitik kontatua dago. “Telefonoaren ondoan bere berrien zain dauden bitartean heroiez, elkartasunaz, desilusioaz, garaileez eta galtzaileez egingo dute gogoeta”.

Ero, ia antzezlanean bi tonu nahasten direla dio Guillanek: “batetik errealista, brigadistaren kroniken zatien bitartez; bestetik umore absurdora gerturatzen dena, lokalean zain dauden aktoreen elkarrizketaren bitartez”.


“Ez nekienak bultzatuta idatzi dut antzezlan hau”

Ińigo Cobo santurtziarrak idatzi du Oaxaca en dos gaztelerazko lanen artean saritua izan den gidoia. “Antzerki munduan berria naizenez, antzerkiari buruz nekiena baino ez nekienak bultzatuta idatzi dut antzezlan hau. Lan honetan, nire asmoa antzerki lenguaia lantzea izan da, batez ere espazioa eta denbora, baina baita ere, antzerkiak berez dakarren sinesgaitzaren etenduran murgiltzea, antzerkitik gehien erakartzen nauena”.

Antzezlana idazteko orduan abiapuntua hau hartu du: “Mexiko eta Bilbo lotzen duen pitzadura batetik hizketan ari dira pertsonaia biak. Beraz, horretan jostatu naiz, pentsatuz ikuslea istorioa ikustera eseritzen den unetik, dena sinisteko joera izango duela, bidea edota narratiba edozein dela, antzezlanaren protagonistek egiten duten moduan”.

Testua puzzle baten modura landu duela dio Cobok, “ lurrikarek asko dute puzzletik, puska apurtuak eta pitzatuak baitira. Antzezlanean agertzen diren bi pertsonaiak desberdinak baina, era berean, osagarriak dira, simetria asimetriko bat balira bezala, elkarren beharra dute, euren hutsune eta gabeziekin. Antzezlanak, izan edota eduki nahi dugun horri diogun beldurrari buruz hitz egiten du”.


Patxo Telleria: "Taberna baterako bakarrizketa da”

Lan sarituen berri gaur eman dute. Dena den, hiru sarietako bat aldez aurretik jakinarazi zuten. XV. edizioan, sari berezi bat eskaintzea erabaki dute Cafe Bar Bilbaoko kideek. Eta sari horren irabazlea duela aste batzuk eman zuten aditzera. Tabernaria izeneko antzezlanarekin ohorezko saria eman diote Patxo Telleriari. “Taberna baterako bakarrizketa da”, hala adierazi du saria jaso berritan. “Tabernariak bere ohiko bezeroak halako hitzaldi batera konbokatzen ditu, non kańa bat ondo nola bota behar den azalduko duen. Hau aitzaki bat da pertsonariaren kezkak, arrengurak, ilusioak eta desio frustratuak azaleratzeko. Eta bide batez turismo masiboaren bapateko gorakadak sortzen dituen desorekak eta kontradikzioez hausnartzeko”.

Formari dagokionez, antzezlanari egitura berezia eman dio Telleriak, “istorioa atzetik aurrera kontatzen delako. Hau ez da kapritxo estetiko bat, narrazioaren muinarekin lotuta baitago: denbora eta ekonomia erdu berrien gatazka”.


 

CafeBarBilbao02

Cafe Bar Bilbao Saria 2018

Euskarazko gidoia: “Ero, ia”, Oier Guillan (Oiartzun)

Gaztelaniazko gidoia: “Oaxaca en dos”, Ińigo Cobo (Santurtzi)

Sari Berezia: “Tabernaria”, Patxo Telleria (Bilbo)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)