Albisteak

Diego Aldasororen liburu-objektua aurkeztuko du EDO!k

Asteazkena, 2017-05-03

Argitaletxea EDO!k Diego Aldasoro artistaren Udako arrats eternala liburu-objektua aurkeztuko du ostegunean Donostiako Kaxilda liburu-dendan. Aurkezpenean arteliburu21 elkarteak ere parte hartuko du. Egun horretan berean aurkeztutako liburua oinarri, liburu-objektua protagonista izango duen erakusketa inauguratuko dute.

Argazki serie bat poxpolo kutxa baten barruan, testu labur batez lagundua. Formatu horrekin irtengo da plazara Diego Aldasoro artistaren Udako arrats eternala artista-liburua, argitaletxea EDO!ren eskutik. Maiatzaren 4an (osteguna) 19:30ean aurkeztuko dute Donostiako Kaxilda liburu-dendan.

Aldasorok EDO!ko kideak eta arteliburu21 elkarteko kide den Eluska Kortajarena izango du bidelagun aurkezpenean. arteliburu21 elkarteak liburuaren artea eta ofizioa ezagutzea, ikastea, esperimentatzea eta sustatzea du helburu, konkretuki artista liburuekin eta arte koadernaketarekin lotutako lanak. Diego Aldasororen liburua kokatzen lagunduko du Eluska Kortajarena elkarteko kideak.

Liburuarekin batera Kaxildan bertan zabalik egongo den erakusketa inauguratuko dute, erakusketak Diego Aldasororen liburua izango du oinarri, baina harekin batera arteliburu21 elkarteko bost kideren artista-liburuak ikusi ahal izango dira.

poxpolokutxa

Sinopsia:

«Itsasoa ez da paisaia bat. Itsasoa bizipena da:

betierekotasunaren bizipena, bizitzarena eta heriotzarena.

Amets metafisiko bat».

Thomas Mann

Isidra amonaren eternitateak nabigatzen du pospolo-kutxa honetan, paperezko txalupatxo bat balitz bezala. Merienda batean hilezkorturik. Bizitza oso bat bil daiteke arrats batean; keinu-kate batek isurtzen du nortasunaren funtsa. Itsasoa bizitza da, eta heriotzaren metafora. Bada, halaber, paisaia zein esperientzia. Fosiletan jasotzen dira halako arrastoak. Amona itsasoa da, eta bere begirada mugagabetasun horren memoria. Ia 99 urtetan zehar ikusitako egunsenti eta ilunabar orok egiten du dirdira bere begietan. Besarkada metafisikoan bat egiten dute xumeak eta poetikoak. Eskutik doaz hutsala eta transzendentea… Xehetasun txikiek sortzen dute mikrokosmos hori.

Mini-erakusketa bat izateko asmoa du edizio honek; norberaren etxean edo non-nahi ezartzeko modukoa izan nahi du. Muntaia horien argazkiak jaso nahi nituzke, aldaera guztiak bildu, eta konstelazio-mosaiko bat eratu ahal izateko.

Animatuko zareten horiei, aldez aurretik, mila esker!

Bizitzako oparirik onenetariko bat izan da amonarekin igarotako denbora. Kutxatxo hau, nire esker onaren adierazle. Bat gehiago, beste askoren artean.

Amonaren oroimenez.

diego

Egileari buruz:

Filosofian lizentziatua. Diseinu grafikoa eta Arkitektura tipografikoa. Bideo kamera, zinea eta telebista. Masterra Arte garaikide teknologiko eta performatiboan (argazkilaritzan espezializazioa, irudi mugimenduan ikerketa ildoa). Gai beraren inguruan hainbat erakusketa egin eta gero, hauxe da nire lehen argitalpena. Soriako Diputazioak lan honen osagarri den aurreko batekin beste liburu bat argitaratuko du (Cartografia de los recuerdos). Egun Bilbao Arte Fundazioan uztailetik aurrera garatuko dudan proiektu batean nabil lanean, beka baten bitartez. Akordeoia eta solfeoarekin flirteatzen. Filma labur bat grabatzen hasita nago (Lo insondable).

2000. urtean Filosofiako ikasketak amaitu nituen Murtzian eta modu autodidaktan argazkiak ateratzen hasi nintzen Soriako nire familiaren herrian, iragan urrunetik eta gertutik geratzen diren hondakinak eta objektuak modu dokumentalean jasoz. Nire proiektuek hiru ardatz dituzte: paisaia eta ingurua, memoria eta nire amona Isidra. Haren inguruan hiru diziplina garatu izan ditut. Literarioa: elkarrizketa liburu bat. Collagea eta bideoa: eguneroko ekintzak (liburu honetako merienda bezala) eta errezitaldia. Eta stop motion: bere ileari buruzkoa. Azken urteetan poetikotasunak nire ibilbide sortzaile berria definitu eta bideratu du. Orain gutxi ikuspegi kontzeptualago, eskultorikoago eta diziplina anitzekoago bati heldu diot.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)