Albisteak

Egungo Euskal Literaturaren Historia, zortzi ahapalditan

Asteazkena, 2018-01-03

Zortzi liburukik osatzen dute 'Egungo Euskal Literaturaren Historia'. Jon Kortazarrek zuzendu du bilduma eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak eman du argitara. 1975etik gaur egunera arteko garaia ikertu da, generoka.

130 obra aztertu dituzte

1975etik gaur egunera arteko literatura. Hori izan da ikertu duten garaia. Generoka, liburuki bana osatu dute. Guztira, zortzi dira bilduma osatzera datozen liburuxkak. Zortzi lanek antzeko egitura jarraitu dute. Sarrerako atalean, kasuan kasu aztergai hartu den generoak izan duen garapenaren berri ematen da. Bigarren atal batean, generoaren obra garrantzitsuak aztertu dira. Jon Kortazarrek zuzentzen duen LAIDA (Literatura eta Identitatea) ikerketa taldeak 130 obra aztertu ditu guztira.


“Gure irakurketen historia”

“1975-2010 aldiko euskal literaturaren historia egin nahi izan dugu, genero literarioak kontuan hartuz. Egungo euskal literaturaren historia honek gure garaiko euskal literaturak eman duen guztiaren historia dinamikoa eta gaurkotua egin nahi izan du”, Jon Kortazarrek aditzera eman zuenez.

 “Literaturaren historia bat egitea garaiak literaturari buruz egiten duen irakurketaren historia egitea dela esan ohi da, ez dugula literaturaren historia bat egiten, gure irakurketen historia baino. Eta hortxe datza gure asmo nagusia. Gure indarren neurrian, irakurketa sakon eta originalen historia bat egin nahi genuke sail osoaren bidez”, erantsi du Kortazarrek.


Baita ingelesez ere

Euskarazkoarekin batera, ingelesezko bertsioa eman da argitara. Contemporary Basque Literature izenburupean, Renoko Unibertsitateko Basque Studies Centerrek egin ditu egokitzapen lanak. “Liburu horretan jaso dira sei genero klasikoei buruzko analisiak: nobela, poesia, haur eta gazte literatura, ipuina, saiakera eta antzerkia”, EHUko Campusa aldizkaritik aditzera eman dutenez.


Ikerketa-talde oparoa

Egungo Euskal Literaturaren Historia bilduman ikerketa-talde bat aritu da lanean. Unibertsitateko irakasleak dira batzuk, tesietan lanean ari diren ikerlariak, itzultzaileak, idazleak, kritikariak eta literaturaren irakaskuntzan dabiltzan beste hainbat lagun.

Zortzi liburukien azalak Jesus Mari Lazkano margolariak osatu ditu.

Ikerketa-proiektu honek UPV/EHU, Kutxa Fundazioa eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.


Genero bakoitzeko, liburuki bana

EHUko Euskal Literaturako katedradun eta ikerketa taldeak 2007an ekin zion lan honi. Jon Kortazarren zuzendaritzapean, zortzi liburuki osatu dituzte:

- Egungo euskal eleberriaren historia, 2007.

- Egungo euskal poesiaren historia, 2008.

- Egungo euskal nobela eta cinema, 2009.

- Egungo euskal ipuingintzaren historia, 2011.

- Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia, 2011.

- Egungo euskal antzerkiaren historia, 2012.

- Egungo euskal saiakeraren historia, 2013.

- Egungo euskal komikia eta literatura, 2017.


Argazkia: Tere Ormazabal, EHU.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)