Albisteak

Eguzkiteka, udako liburuen aterpe

Astelehena, 2017-07-17

Donostiako Kontxa pasealekuaren azpiko espazioan kokatuta dago Egukiteka. Erlojuen parean, La Rotonda diskoteka egon zen lekuan. Irakurketari eskainitako espazio honetan eleberriak, komikiak, albumak eta haur liburuak ipini dituzte irakurgai.

Parke eta lorategietan irakurketarako espazioak zabaltzeko joerarik bada beste hiriburu batzuetan. Baita gure inguruan ere. Donostia Kulturaren liburutegi sareak, adibidez, duela hogei urte sortu zuen Urgulleko udako liburutegia. Oraintsu urrats berri bat eman dute. Publiko berrien bila, Kontxa hondartzan liburuetarako txoko bat zabaldu dute: Eguzkiteka. Liburutegi berezi hau uztailaren 7tik abuztuaren 31ra egongo da zabalik, astelehenetik igandera goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30era. Eta arratsaldero, Lur Kortak haurrentzako ipuin kontaketa saio bat eskainiko du bertan. Kontalariaren saioa 17:00etan hasiko da.

Eguraldiaren aldaketek eragina izango dute liburutegiaren funtzionamenduan. Enbata edo galerna sortzen bada, edo eguraldia oso txarra denean, liburutegia itxi egingo dute.

Halaber, liburuak maileguan hartzeko aukera egongo da.


Bilduma oparoa

Eguzkitekako bildumak 700 bat liburu ditu. Hautaketa egiterakoan, aisialdi kutsuko tematikari eman zaio lehentasuna. Bildumaren gehiengoa literatura argitaratu berriari dagokio (%76) eta gainontzekoak liburu informatiboak dira, adibidez Donostiari buruzkoak eta beste hainbat gaietakoak (%24).

Egunkariei dagokionez, Donostiakoak, Euskal Herrikoak, estatukoak eta nazioartekoak irakurtzeko aukera dago, eta baita ere dibulgaziozko aldizkariak. Guztira 51 izenburu daude  eskura.

Bildumen arloan, bi atal nagusi bereiztu dituzte: helduak (%58) eta haurrak (%42).


Euskarazkoak, %29 baino ez

Hizkuntzei dagokionez, %29a euskaraz argitaratutako liburuak  dira, % 54 gaztelaniaz, % 9 ingelesez eta % 8 frantsesez.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)