Albisteak

Eleberri laburrak sustatzeko lehiaketa berri bat jaio da

Osteguna, 2018-02-15

Getxoko Kultur Etxeak Ramiro Pinilla Lehen Eleberri Laburren Lehiaketa abiarazi du. Era honetan, idazle getxotarraren memoria mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatu nahi du. Euskarazko eta gaztelaniazko lan onenak sarituko dituzte. Saritu bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.

Euskaraz zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira eta horien luzera 75 eta 110 orrialde artekoa izango da. Testuak jasotzeko epea apirilaren 23an, Liburuaren Egunean, amaituko da. Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, sariak irailaren 13an banatuko dira, Ramiro Pinillaren jaiotzaren urteurrenean, hain zuzen ere.

Bi sari emango dira lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, horietako bakoitza 6.000 eurokoa. Halaber, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko dute irabazleek. Deialdiaren arauak Getxoko Kultur Etxeetan zein www.getxo.eus/webgunean dagoeneko eskura daitezke. "Lehiaketan parte ahal izango dute egoitza Espainian dutenek, edozein dela ere haien nazionalitatea", sustatzaileek aditzera eman dutenez.


Elkarlanaren emaitza

Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak aurreko beste proiektu batzuetan (adibidez, egilearen heriotza dela eta antolatutako omenaldiak) hasitako elkarlanaren fruitu da lehiaketa. Era honetan, egilea getxotarra omendu nahi da eta baita bere lana ere. "Izan ere, bere liburuek sari ugari eta garrantzitsuak lortu dituzte, esaterako Nadal saria, Euskadi Literatura-saria gaztelaniaz eta Narratibaren Sari Nazionala".


Txiki Baskardo lehiaketa

Literatura-sorkuntza bultzatu nahi da, ez bakarrik helduen artean, baita gaztetxoetan ere. Hori dela eta, laster abian jarriko da haur eta gazteei zuzendutako lehiaketa. "Txiki Baskardo" izena hartuko du lehiaketa, Pinillak 1980. urtean argitaratu zen liburuaren pertsonaiaren omenez.

Ekimen biak Getxoko Kultura Plan Estrategikoari lotuta daude.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)