Albisteak

Emakume bizardunek hartuko dituzte Oreretako kaleak

Astelehena, 2017-06-12

Eztena teatro egunak antolatu dituzte Oreretan, ostegunetik hasita igandera arte (ekainak 15-18). Hainbat antzezlan ikusteko aukera izango da: antzezlan burutuak, bai eta oraintxe mamitzen ari direnak ere. Aurten, emakume bizardunen figura aldarrikatu dute.

2009an sortu zen, Mikelazulo elkartearen barruan, antzerki-jaialdi bat antolatzeko beharra, eta, orduz geroztik, urtero ekarri dute Eztena plazara. Aurten, lau eguneko egitaraua prestatu dute, eta, ohiko moduan, kaleko antzerkia, egosten ari diren piezak eta antzezlan burutuak eskainiko dituzte.

Sortzeko bidean dauden hainbat pieza ikusi nahi duenak, ostegunean dauka aukera. 19etan hasita, Mikelazulon bertan, bost pieza ikusteko aukera egongo da: Kabia Teatroaren "Hiroshimako zuhaitza", Zanzararen "Inor ez dator", Nisuneren "Oaingoan bai", Txiflandoren "Finisterre" eta Luis Alberto Rofríguez/CIe Jour de Fete-ren "BIdea". Hilaren 16an, ostiralean, berriz, Tornado konpainiak "Lapurminak" lana antzeztuko du Herriko Plazan. Ekainaren 17an, larunbatez, Antzerki Labea udal tailerreko ikasleek beren lanak erakutsiko dituzte Niessen kulturguneko entsegu-gelan, 17etan, eta Zoruk konpainiak, berriz, "Igogailua" obra jokatuko du ondoren, 19etan, toki berean.

Aurten, emanaldiez gainera, Alvaro Ledesmaren hainbat eskultura egongo dira ikusgai. Erakusketa Marionnettes deitzen da, Xenpelar etxean ipini dute, eta Eztenak iraun bitartean egunero ikus daiteke. Hala ere, larunbatean hitzordu berezia antolatu dute horren harira: Metrokoadroka kolektiboak performancea egingo du eguerdian eta ordu batean. Aipatu ikuskizun guztietan, sarrera librea da; performancearen kasuan, ordea, aldez aurretik erreserbatu behar da tokia. Horretarako, jo ezazue 666 330 419  telefonora.

Hemen kontsulta dezakezue Eztena 2017 jaialdiaren egitaraua osorik.

Emakume bizardunen alde

Egitarauarekin batera, emakume bizardunen aldeko manifestua ere plazaratu dute Eztenaren antolatzaileek. Jarraian irakur dezakezue:

Emakume bizardunek astindu egingo dituzte aurpegiko biloak, eta oihu egingo dute lau haizetara: «gu ere bagara. Eta existitzen garelako garen modukoak izateko prest gaude. Gure bizarrak antzokietan, tabernetan, mota guztietako erakusleihoetan agertzeko eta aldarrikatzeko prest gaude.» Honakoa adierazi berri du emakume bizardunen kolektiboko bizarreramaleak, ahoan bilorik gabe: «ez gaituzte nahi programazio publikoetan eta publiko programatuetan, baina gu ere orain eta hemen bizi gara, mundu honen parte gara, bagara. Edertasunaren kanon ofizialak gu gustuko izan ala ez, existitzen garela ezkutatu ala ez. Gaur egun ez gaituzte erasotzen, baina kultur programazioak erosotzen dituzte, gu existituko ez bagina bezala».

Eztena jaialdiak bat egiten du emakume bizardun eszenikoen kausarekin, eta horregatik hainbat ekitaldi antolatu ditu: kale ikuskizun probokatzaileak, marioneta erakusketa, prozesuan dauden piezak, diskurtso politiko ezerosoak, lagunekin etsaitzeko eta etsaiekin adiskidetzeko prest dauden proposamen erradikalak, dramaturgia berriak, dramaturgia berri berriak, dramaturgia zahar berriak...

Eztenan esperimentazioa eta edertasun iluna nagusituko dira. Asko gara. Bilo bat gara. Maite ditugu Emakume Bizardunak!!!

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)