Albisteak

Emakume burugabearen txanda

Asteartea, 2018-09-04

Poesia Orduak dira Donostian. Itu Bandak Itzulera izeneko saioa eskaini zuen atzokoan Victoria Eugenia Club aretoan. Gaur Emakume burugabea ikuskizunaren txanda da. 19:30ean hasiko da errezitaldi musikatua.

Emakume burugabea (Elkar) Antxiñe Mendizabal idazleak idatzi eta Iraia Okina ilustratzaileak margoturiko album ilustratuaren izenburua da. Gaur, oholtzarako bidea hartuko du lehen aldiz. Antxiñe Mendizabal idazleak Nerea Gartzia Gartzia eta Pello Ramirezen babesa izango du. Hitzak, mugimenduak eta musikak bat egingo dute Victoria Eugenia Club aretoan eskainiko duten saioan.


“Poemaren indarra hitzetan edo marrazkietan baino gehiago, esperientzian bertan dagoela esango nuke”

Pasa den uztailean, Antxiñe Mendizabal idazlearekin aritu ginen luze-zabal hizketan. Emakume burugabea (Elkar) liburuari buruzko xehetasun ugari eskaini zizkigun.

Ez da oso ohikoa helduentzako literaturan poema bakar batek osatzea liburuaren muina. Zer du poema honek, testu gisa berak bakarrik salto egiteko plazara? Zergatik sentitu zenuen hainbesteko indar bertan?

Erantzunak prosaiko samarra eman dezake baina hala da: poema motz horretan dago, funtsean, gaiaz esan nahi nuen guztia, une horretan esateko nuen guztia, urteetako nire eskarmentu txiki edo handia. Oinarrizko ideia oso funtsezkoa da, eta hasieratik izan zen erronka hitz gutxitan ahalik eta indar iradokitzailerik handiena lortzea. Homeopatian bezala, poesian ere, disoluziorik baxuena da muinera iristeko modurik eraginkorrena.

Nire bizitzan, poeman kontatzen den esperientzia eraldatzailea eta eraikitzailea izan da, bizitza berri baten abiapuntua, jaiotza berri bat. Haurminetan nengoen aspaldi eta umetokitik irteten den haur baten indar eta bulkada berberaz ikusi du argia poemak, epiduralik gabe. Poemaren indarra hitzetan edo marrazkietan baino gehiago, esperientzian bertan dagoela esango nuke.

emakume burugabea iraia okina

Iraia Okinaren ilustrazioek jarri diote gorputza. Zuk zeuk ezberdin ulertu izan duzu testu hau, irudiak egon baino lehen eta ondoren?

Iraiaren irudiek nik bilatzen nuen gordintasuna batzuetan, misterioa beste batzuetan, transzendentzia tarteka, eta gorpuztasuna eta baita maitasuna ere erakusten dute. Alde horretatik, hitzek eta ilustrazioek bat egin dutela esango nuke. Ilustrazioek hitzei are indar eta balio handiagoa eman diete. Hitzez adierazi ezin den hori, atzemanezina den hori, ezin hobe iradoki dute marrazkiek. Iraiari eta bioi ez zitzaigun asko kostatu funtsezkora iristea baina, hala ere, ilustrazioak ikusi nituenean, txundituta geratu nintzen.


Elkarrizketa osoa irakurtzeko, egin klik ondoko estekan: Antxiñe Mendizabalekin solasean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)