Albisteak

Ereindakoa plazaratzeko garaia

Asteartea, 2017-06-20

Udaberriaren azken mugan, liburu ugari plazaratu ditu Erein argitaletxeak. Amamaren graffitiak Toti Martinez de Lezeak helduentzat idatzi duen bakarrizketa modukoa, Dolores Redondoren bi nobela (Hori guztia emango dizut eta Zaindari ikusiezina), Filosofiaren defentsak izeneko saiakera-lan kolektiboa… Asier Osinalderen lehen ipuin liburua eta Tapio Koivukariren Ariasman nobelaren itzulpena aurkeztu zituzten aurreko astean. Labetik atera berri diren bi liburu hauetan erreparatu dugu.

Asier Osinalde Vidal (Donostia, 1975) irakaslea da eta bere lehen liburua plazaratu berri du. Idazteko joera aurretik datorkio. Baina ez lukete han egon behar (Erein) izenekoan jaso dituen ipuinak 2012 eta 2014 urteen artean idatzitakoak dira. Horietako batzuk lehiaketa ezberdinetan sarituak izan dira gainera.


Bizitza ez da lerro zuzen bat

Bakarrik jaio eta bakarrik hiltzen gara. Bitartean, hari ikusezin baten gainean orekari eusten saiatzen gara eta argazkiak ateratzen dizkigute. Gu argazkitakoak izaten saiatzen gara, baina ez gara. Gu argazkiaren atzean dagoena gara, irudiaren ertzetatik kanpo dagoena, eta bizitza ez da lerro zuzen bat, ibili ahala etengabe josten eta askatzen ari garen armiarma-sarea baizik.


Amaraunean harrapatuta

“Ipuin-bilduma honetako pertsonaiak amaraun horretan bertan daude harrapatuta, beren beldur eta frustrazioekin, beren amets eta esperantzekin”, Erein argitaletxetik aditzera eman dutenez. “Patua izan da aurreikusi ezin zuten egoera horretara eraman dituena, une ahulenean erabakitzera behartu dituena, kameraren objektiboaren aurrean irribarre egitera behartu dituena”. Baina ez lukete han egon behar.

Asier Osinalde Vidalek ekainaren 12an aurkeztu zuen liburua. Donostian eskainitako prentsaurrekoan esandakoak ikus eta entzun ditzakezue bideo honetan. Bideoaren egilea: Erein.


Ariasman, gaizki bukatu zen espedizio baten kontakizuna

Tapio Koivukari (1959) poema epikoak eta kostaldeko istorioak idazteagatik da famatua bere sorterrian. Finlandiako uharteetako bizimodua irudikatzen duten nobelak plazaratu ditu eta islandieratik hainbat obra itzulitakoa da.


Euskal baleazaleen sarraskia

1615ean, ekaitz batek hiru euskal baleontzi txikitu zituen Islandian, eta udazken hartan bertako biztanle batzuek tripulazioko 31 kide akabatu zituzten, Ari Magnússon magistratuaren aginduz. Euskal baleazaleen sarraski hori da Ariasman nobela historiko honen oinarria. Maia Ossa Rissanek ekarri du euskarara.

Bi urte lehenago, beste euskaldun batzuei balearrantzarako lizentzia saldu zien Ariasmanek, alegia, Ari Magnússon berberak.

Nobelak gertakizun beraren bi ikuspegi uztartzen ditu, euskaldunena eta islandiarrena. 1615eko espedizioan, Martin de Villafranca kapitain donostiarra zihoan, gizon gaztea eta baleazale trebea, baina tripulazio osoaz arduratzea lan handiegia gertatu zitzaion, eta Ternuako indigenekin eskarmentu pixka bat izan arren, ez zitzaion hain ongi joan bikingoen ondorengoekin.

Istorio honek garaiko ohitura eta sinesmenetan murgildu eta, bizimoduaren gordina erakutsiko digu. Ongi hasi arren, gaizki bukatu zen espedizio baten kontakizuna da Ariasman, Finlandian eta Islandian arrakasta handia izan ondoren, orain Euskal Herrian eman da argitara. Maia Ossa Rissan itzultzailea izan da egokitzapenaz arduratu dena.

Ekainaren 13an, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, euskarazko itzulpena aurkeztu zuten. Maia Ossa Rissan itzultzailea eta Tapio Koivukari nobelaren egileak eskainitako azalpenak topatuko dituzue bideo honetan. Bideoaren egilea: Erein.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)