Albisteak

'Euskal Harria' liburuak 50 urte bete ditu

Asteartea, 2017-10-03

Poema liburuaren urteurrena aitzakia harturik, Gabriel Arestiren ibilbidea ekarriko dute gogora. Urriaren 11n asteazkena, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitza nagusian (Plaza Barrian). Oskorri taldeak, Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, Xabier Kintanak eta Jon Kortazarrek hartuko dute parte.

Gabriel Arestiren inguruko jardunaldia Euskaltzaindiak antolatu du, eta idazle eta euskaltzain bilbotarraren hainbat lagun elkartuko dituzte. Tartean, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte- eta Jon Kortazar.


Atxaga, Urretabizkaia eta Sarrionandia

Egitaraua oparoa da. Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko solasaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira. Euskaltzaindiakoek iragarri dutenez, “Euskadi Irratia eta Bilbo Hiria Irratiak zuzenean eskainiko dute jardunaldia”.

Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute urteurrenean. “Gabriel Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginak aletuko ditu Egañak, eta Mikel Martinez aktoreak idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du”, Euskaltzaindiatik aditzera eman digutenez. “Gainera eta goiz partean, Agustin Ibarrolari gorazarre txiki bat egingo zaio. Ibarrolak Euskal Harria poema libururako egindako grabatuak aztertuko ditu Susana Jodra ikerlariak”.


Elkarlanean

Esan bezala, Euskaltzaindia izan da 'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' ekitaldia sustatu duen erakundea. Bilboko Udalarekin eta Gabriel Aresti Elkartearekin elkarlanean osatu du egitaraua. “Arestiren lana berreskuratzen ari gara aspalditik. Horregatik, iaz Mailu batekin: Biola batekin liburua publikatu genuen, idazlearen poema ezezagunekin, eta orain dela hiru urte Harri eta Herri-ren edizio berri bat plazaratu genuen, liburuaren 50. urtemugan”, Koldo Narbaiza Bilboko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariaren hitzak dira hauek.


Euskalgintzaren zutabe

“Aresti euskarazko kulturaren zutabe da, eta Bilbon gogoratu behar dugu hori. Ozen esan behar dugu, baita, euskal kultura bizirik dagoela Bilboko kaleetan, bizirik zegoen moduan, erdi ezkutuan izan arren, orain dela 50 urte, euskara batuaren bezperan, Arestik berak Euskal Harria liburua argitaratu zuenean”, gogoratu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)