Albisteak

Euskal Herriari itzulia bost idazletan

Asteazkena, 2018-05-23

"Eman dezagun kanpotik datorren bisitari bati Euskal Herria erakutsi nahi diozula, euskal literatura ardatz duen ibilaldi bat proposatuta. Nora eramango zenuke, irakurle?". Juan Luis Zabalak jarraian irakurri dezakezuen erreportajean pausatu du erantzun posible bat.

(Egilea: Juan Luis Zabala).

Eman dezagun kanpotik datorren bisitari bati Euskal Herria erakutsi nahi diozula, euskal literatura ardatz duen ibilaldi bat proposatuta. Nora eramango zenuke, irakurle? Asteasura, Bernardo Atxagaren Obaba ezagutzeko? Martutenera, Ramon Saizarbitoriaren izenburu bereko nobelaren omenez? Maulera edo Baionara, Itxaro Borda hango posta bulegoetan lanean aritu zen urteak gogoan? Bernat Etxepareren Donibane Lohizunera? Pedro Axularren Urdazubira?

Artikulu honetan proposatuko dizudan ibilbideak, gaur egungo eta –ezeren okerrik ez dela– etorkizuneko bost idazle gazte edo nahikoa gazte ardatz hartuta egiten dio itzulia Euskal Herriari, idazle horiek literaturari lotzen hasi zitzaizkioneko lekuak harturik erreferentzia-puntutzat.

Kanpoko bisitaria Loiu aireportuan jasotzen badugu, honako hau izango da gure ibilbidea: Bermeo, Elgoibar, Ainhoa, Iruñea, Gasteiz.

1. Bermeo. San Frantzisko Herri Ikastetxea, Bermeoko Atalde kalea. Alaine Agirre (Bermeo, 1990).

alaine agirre

(Argazkia: Erein).

“Idazten eta irakurtzen jakin aurretik” maite zituen ipuinak Alaine Agirrek, “erdi-egia erdi-gezurra ziren istorioak”, berak dioenez. “Horretan zerikusi handia izan zuen nire aitxitxe Jesusek, Jesus Garmendiak, pasadizo harrigarriak kontatzen baitzizkidan beti: zelan eroaten zituzten bekerekeak (ardiak) Izaro uhartera, zelan jaten zuen marrazoaren hegalaren zopa, eta halakoak. Geroago, irakurtzen hasi eta ipuin bat eman ziguten lehenengoan, oroitzen naiz behin eta berriz irakurtzen nuela, nekatu ezinik, eta neuk ere antzeko zer edo zer asmatu gura izan nuela”.

Literaturzaletasunaren ernetze hori leku jakin batekin lotzeko eskatutakoan, etxeko logela aipatu du lehenik Agirrek, ohean irakurtzen zuelako berandu arte. Horrez gain, “Bermeoko eskolako liburutegia” ere nabarmendu du, San Frantzisko Herri Ikastetxekoa: “Hantxe ematen nituen ahal nituen tarte guztiak, liburuekin liluratuta, ahal zen gehiena irakurriz, eta neure buruari galdetzen nion, denak irakurtzen amaitzen nuenean zer egingo ote nuen, munduko liburu guztiak hantxe zeudelakoan”.

2. Elgoibar. Arregitorre kaleko etxea. Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984).

UXUE2

(Argazkia: Susa).

Alaine Agirrek bezala, “umetako ohearekin” lotzen du literaturzaletasunaren ernetzea Uxue Alberdik ere. “Aita erdian eta neba eta biok alde banatara. Gauero kontatzen zizkigun ipuinak, bertso zaharrak eta kantuak abesten zizkigun. Hantxe literaturzaletu eta bertsozaletu nintzen, hantxe piztu zitzaidan hitzarekiko lilura. Oraindik gogoratzen dut zenbait istoriok sortzen zidaten zirrara, zenbait kantuk eragiten zidaten hunkidura (lotsaz, malkoei eusten nien), bertso batzuen esan-indarrak sortzen zidan plazer txikia ("lurrik ikutu gabe gorputzari jira" [Antonio Urbietaren Nere sentimendua sortako esaldia]). Elgoibarren, autobidearen aldameneko etxebizitza-dorre bateko bigarren pisuan, autoen joan-etorriaren zarataren erdian lo hartu aurreko uneetan literaturzaletu nintzen”.

Testuak idazten ere oso umetatik oroitzen du bere burua Alberdik, “ahalik eta ederren eta adierazkorren, barrua askatzeko sarritan, ideiak ordenatzeko, ezinegonari bide emateko eta baita idaztearen plazer hutsez ere, hitzak hitzaren ondoan sortzen zuena ikusteagatik”. Irakurtzen zituen hainbat idazleren estiloa imitatzen saiatzen zen. “Banuen sentsazioa idazten ari banintzen egin behar nuena egiten ari nintzela. Eta sentsazio hori, mantendu egin da: nire arreta eta ahalegina testu bat ontzera jartzen dudanean asebeteta sentitzen naiz, denboraren nozioa galtzen dut, oso kontzentratuta aritzen naiz, egiten ari naizenak izugarrizko garrantzia balu bezala (nahiz eta badakidan idazle mediokrea naizela eta, seguru asko, kontatuko dudanak ez duela ezer ez inor aldatuko). Uste dut sentsazio hori dela, une horretako kontzentrazioaren intentsitatea eta egon behar dudan tokian egin behar dudana egiten ari naizen ziurtasun absurdoa, idazten jarraitzera eraman nauena”.

3. Ainhoa. Arantzeko Ama Birjinaren kapera. Katixa Dolhare-Zaldunbide (Ezpeleta, 1982).

katixa dolhare

(Argazkia: EKE).

Haurtzarotik eta gurasoen eraginpean literaturzaletu zen Katixa Dolhare-Zaldunbide ere. “Aita-amak berak zale izanez, liburutegi handia ikusi dut beti etxean. Aita-amek istorioak kontatzen zizkidaten ttikitan, erositako liburuetakoak baita berek asmatutakoak ere; grabatu ere egin zituzten bi ahotsetan, nahi nuelarik entzun nitzan. Ama afizioz marrazkilaria denez, berak asmatu istorioak ilustratzen zituen. Aitak biziki ongi ezagutzen du erdarazko literatura klasikoa (latinezkoa eta grezierazkoa), baita poesia frantsesa klasikoa ere, eta hurbildik segitu ditu beti euskarazko argitalpen guziak. Aita-amek badituzte ipuin, antzerki, komiki franko idatziak elkarrekin, guti argitaratuak. Beti ikusi ditut irakurtzen, idazten, marrazten”. Aitak ezagutarazi zion euskal literatura. “Itxaro Bordaren liburuak ezkutatu zizkidan hein bateko adina ukan nezan arte, ez baitzen 'aita batek bere alabari gomendatzeko literatura', baizik eta 'literaturzale bat beste literaturzale bati' gomendatzekoa”.

Liburu artean hazia, irakurtzeko eta idazteko denbora utziko zidan lanbidea hautatu zuen: literatura irakasle. Eta idatzi ere ume zelarik hasita idatzi du. “Nihaur ere ttikitatik saiatu nintzen istorioak asmatzen. Idazketa eta irakurketa bi ariketak gustukoak ditut. Idazten dut sentitzen dudalarik gauza interesgarri bat dudala partekatzeko”.

Ezpeletan sortua eta hazia da Dolhare-Zaldunbide, baina Senpere, Azkaine eta Urruñako euskara ere jaso duela dio, eta ez dela ezpeletar sentitzen. “Familian, euskal herritar sentitu gara, ez herri batekoak”. Bere literaturzaletasuna leku batekin lotzeko eskatutakoan, etxeko liburutegiaz gain, “Lapurdiko mendiak” aipatzen ditu, “ibilaldietan zehar egiten genituelako solasak”. Atsulai eta Xoporro mendiak datozkio gogora hori esatean, “Arantzetako Ama Birjinaren kaperaren bazterrak”.

4. Iruñea. Auzolan liburu-denda (San Gregorio kalean). Beatriz Chivite (Iruñea, 1991).

beatriz chivite(Argazkia: ikus hemen).

“Ezin dut momentu bakar bat hautatu, badirudi orain arte nire bizitza osoan literatura munduan ibili naizela”, dio Beatriz Chivitek, non, noiz eta nola literaturzaletu zen galdetutakoan. “Nire gurasoak, biak, idazleak dira; ama, gainera, literatura irakaslea da institutu batean. Txikia nintzenean, larunbat eta igandeetan oinez igotzen ginen Burlatatik Iruñera, familia osoa. Iruñean orduak eta orduak igarotzen genituen Auzolan liburu-dendan, hori zen gure asteburuetako planik onena. Ni dendan zeukaten zurezko eskailera batzuetan esertzen nintzen eta mota guztietako liburuak ireki eta ixten nituen. Hamar urtez munduan zehar ibili ondoren, liburu-denda eta liburutegietan bakarrik sentitzen naiz 'etxean'”.

5. Gasteiz. Logroño kalea. Katixa Agirre (Gasteiz, 1981).

katixa_agirre

(Argazkia: Elkar).

“Nahi gabe, poliki eta inongo kontzientziarik gabe” literaturzaletu zen Katixa Agirre. “Horregatik ezingo nuke irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina baterako aholkurik eman, nire kasuan haurtzaroan modu naturalean gertatuko gauza bat izan zelako”. Idazten hastea irakurzaletasunari erabat lotuta etorri zen, “irakurritakoa neure moldera erreproduzitzeko gogotik”. Oso txikia zela hasi zen idazten. “Nik 7-8 urterekin idatzitako ipuinak gordeta dauzka amak. Gero badago beste momentu bat, 22 urte nituenean, plazeretik edo denbora-pasatik benetako esfortzura salto egitea erabaki nuena, eta uste dut hor hasi nintzela idazle bihurtzen. Krisi momentu batetik dator erabakia, helduaroan sartu berritan, bide ugari zabaldu ziren eta zer egin, non bizi, nola erabili nire denbora? Idazteari serio dedikatzea erabaki nuen orduan. Oraindik prozesu horretan nago”.

Literaturzaletasunaren ernetzeari bi leku lotzen dizkio bereziki, 11 edo 12 urte inguru zitueneko oroitzapenetan oinarriturik biak. Lehena, Gasteizko Logroño kaleko etxea da: “Ostirala da eta eskolako atsedenaldian orkatila bihurritu dut (oso traketsa naiz, horrek ere bultzatu nau irakurtzera). Larrialdietatik pasatu eta gero etxera eraman naute, eta zortzi bat ordu igaro ditut etxeko salan, sofan botata, liburu bat esku artean, hasi eta buka. Orkatilako mina gorabehera, egun erabat zoriontsua”.

Beste oroitzapena amonaren herrikoa da, Leongo Santa Colomba de la Vega herrian udan egindako egonaldi batekoa: “Siesta ordua da, kalean kristoren beroa dago eta ni etxeko freskoan, ohean botata irakurtzen. Arratsaldeak aurrera egin du eta lagunak hasi dira etxetik ateratzen, bizikleta hartzen, errekara joaten… baina ez ni. Nik han barruan jarraituko dut, liburua amaitu arte”.

“Bi esperientzia horien ostean uste dut bizitza osorako engantxatu naizela irakurketara”, dio Agirrek.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)