Albisteak

“Ez dok hiru” antzezlana Donostian

Asteartea, 2017-09-05

Tartean teatroak udaberrian plazaratu zuen Ez dok hiru, euskal musikaren benetako istorioa Elkar argitaletxearen eskutik. Antzezlana estreinatzearekin batera publikatu zuten Patxo Telleriak idatzitako gidoia jasotzen duen liburua. Aste honetan bertan Donostian ekingo diote udazkeneko birari, Victoria Eugenia antzokian eskainiko dituzten bi emanaldiren bitartez.

Hitz hauekin aurkeztu zuten liburua, eta bide batez, ikuskizuna bera:

Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla.

Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta, denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu.

Kanta kopuru ederra erabili dugu, baina aipatu gabe utzi ditugu beste hainbeste kanta eta musikari. Horiek ere estimatzen ditugu, lan honetan tokirik aurkitu ez badute ere.

Gure musika ondarea altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala.

Ez Dok Hiru kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. Gure modukoa, eroa, deskontzertantea, irrigarria azalez… Baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario.

ez dok hiru

Antzerkia eta musika, musika eta antzerkia. Eszenatokiaren ezagun historikoak biak, kasu honetan elkar hartuta datozenak. Eta nola harilkatu biak? Umorearen bidetik, zalantzarik gabe. Horretan esperientzia handia dute antzezlaneko aktore nagusiek: Tartean teatroko Mikel Martinez eta Patxo Telleria bera dira oholtza gainean. Baina ez datoz bakarrik, hainbat musikari izango dituzte bidelagun: Adrián García de los Ojos, Maria Arriaga eta Telleria Iván Allue. Jokin Oregi taula zuzendari eta idazleak zuzendu du obra.

Liburua eta antzezlana batera aurkeztu zituzten pasa den martxoan, eta udako etenaldiaren ostean indarberriturik datoz, udazkenean Euskal Herriko hainbat puntutan eskainiko duten emanaldi sortarekin. Irailaren 5 eta 6ean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainiko dituzte emanaldiak, 20:00etan. Ondoren datozenak jakin nahi izanez gero, begiratu zerrenda HEMEN.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)