Albisteak

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren oinarriak eman dituzte ezagutzera

Osteguna, 2018-01-18

Lehiaketa honen bitartez, Bilboko Udaleko Kultura Sailak “literatur sorkuntza sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazi gura ditu”. Ipuinak aurkezteko epea martxoaren 30ean amaituko da.

Ipuinen gaia librea izango da eta jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Ipuinak, gehienez ere, 15 orrialde izango ditu (Times New Roman edo baliokidean, 12 gorputzean) 1,5 espazioan.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketak hiru sari banatuko ditu: sari nagusia (3.500 eurokoa) eta accesit bi (bakoitza, 1.750 eurokoa). Beste horrenbeste, gaztelaniazko lan onenak saritzeko.


Formatu digitalean bidali behar dira

Martxoaren  30era arteko epea dago lanak aurkezteko. Lanak formatu digitalean bidali beharko dira, Bilboko Udalaren webgunearen bitartez. Esteka honetan batu ditugu lehiaketaren oinarriak: Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa.


Partehartze handiko lehiaketa

Iaz, Amaia Lekunberrik irabazi zuen euskarazko kategoria, “Ezkontza” kontakizunarekin. Gaztelaniazko ipuinen sailean, sariduna Antonio Tocornal izan zen, “Cundi Macundi” izeneko ipuinarekin. Lehiaketara 1.326 lan aurkeztu ziren, horietako 74 euskaraz.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)