Albisteak

Gaizka Sarasolak “Talaka” antzezlana aurkeztuko du Oiartzunen

Astelehena, 2016-04-11

Mairu Antzerki Tailerrak Talaka antzezlana aurkeztuko du igande honetan Oiartzunen, herriko antzerkizaleek antolatutako urte osoko programazioaren barruan. Gaizka Sarasola Mairu antzerki tailerreko kidea da testuaren egilea eta antzezlea, eta Xabi Erkizia musikaria izan du bidelagun. Maiatzean Talaka eta beste bi antzezlanekin osatutako liburua plazaratuko du Sarasolak Argitaletxea EDO!ren eskutik.

Gaizka Sarasola Lesakako Mairu Antzerki Tailerreko partaidea da, eta bertako kideekin elkarlanean eraman izan ditu taulara Erregea, soldadua eta bufoia bezalako lanak. Badira urte batzuk Mairuk ez duela lanik eraman oholtzara, baina martxan jardun dute 'Keinu leihoak' bezalako jardunaldiak antolatzen. Gaizka Sarasolari testu gehiago ere ezagutu dizkiogu, hala ere, azkenaldian: batetik Urak ttiki dire antzezlana plazaratu zuen Gilkitxaro antzerki taldeak, eta bestetik Cafe Bar Bilbao saria jaso zuen 2014an Lurrazpikoak izeneko lanarekin. ELKARRIZKETA egin genion Hitzen Uberanen horren harira.

Aipatutako hiru lan horiekin liburua plazaratuko du aurki Gaizka Sarasolak, Argitaletxea EDO!ren eskutik, maiatzean bertan: Erleak, satorrak, beleak liburuan topatu ahal izango ditugu beraz Urak ttiki dire, Lur azpikoak eta Talaka antzezlanak.

Oraingoz igande honetan oholtza gainean ezagutu dezakegu Talaka antzezlana, Gaizka Sarasola beraren antzezpenarekin eta Xabi Erkiziaren musikarekin: apirilaren 17an (igandea) 19:00etan Oiartzungo Udal Pleno Aretoan. Talaka abenduan estreinatu zen, 'Keinu leihoak' ekimenaren barruan.

Erleak, satorrak, beleak

erleak azala

Gaizka Sarasolak idatzitako hiru teatro-testu topatuko ditu liburu honetan irakurleak: “Urak ttiki dire”, “Lur azpikoak” eta “Talaka”. Bere poetikoan zorrotza da Sarasolaren teatroa, eta bere zorrotzean mingarria, ezerosoa bezain erreala delako kontatzen duena. Inguruan duen errealitatea gordin hartu du egileak, eta bufoiaren arimari fidel, itsusia edertu du, antzerki bilakatuz. Liburu hau harribitxi bat da, ezohikoa euskal literaturan: teatro-testugintzaren tradizio moderno eta garaikide ugariren aztarnak suma daitezke bertan eta, oroz gain, gaurko jendarteak erantzun nahi lituzkeen galderak taularatzen dira, nabarmen.

Gaizka Sarasola

Gaizka Sarasola Iartzabal (Lesaka, 1974). Txistulari eta musika irakaslea. Mairu Antzerki Tailerraren sortzaileetariko bat. Talde horren zenbait lanetarako musika sortu eta testuak idatzi zituen; horien artean Erregea, soldadua eta bufoia antzezlana, 2005an Bortzirietako Kafe-Antzerki Beka saria jaso zuena. 2015an, liburu honetan argitaraturiko Talaka lanaz gain, Mairuk eta Tantirumaitu dantza taldeak elkarlanean estreinaturiko Bertso atabikoak antzezlana idatzi eta zuzendu du. Musika arloan, Ixuriak eta Ez naiz deusen jabe diskoak kaleratuak ditu Xabier Erkiziarekin batera.

 

TkartelHUTSA

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)