Albisteak

Garazi Arrula Ruizekin "Gu orduko hauek" mintzagai Bilboko Biban

Igandea, 2017-12-17

Garazi Arrula Ruizekin Gu orduko hauek narrazio liburua mintzagai izango dute bihar abenduak 19, 19:30ean Bilboko Biban, Hamburgo Platz zikloaren barruan solasa, mikro irekia eta irakurraldia uztartuz. Durangoko Azokaren bezperatan aurkeztu zuen liburua egileak Txalaparta argitaletxearen eskutik. Albiste honetan aurkezpeneko hitzak ekarri ditugu gogora.

Zortzi ipuinek osatzen dute Garazi Arrula Ruizen sormen propioko lehen liburua. Orain arte itzultzaile lanetan ezagutu dugu egilea, hala liburuetan (Walter Benjamin, Anaïs Nin eta Amelie Nothomb itzuli ditu) nola Elearazi blog dagoeneko desagertuan. Inkomunikazioa, pertsonen arteko distantzia dute mintzagai, neurri handi batean, liburu honetako narrazioek:

untitled

"Zortzi ipuinez osatua da Garazi Arrularen lehen liburua, eta azken ipuinak ematen dio izenburua obrari: Gu orduko hauek. Gu pluraleko lehen pertsona da. Norbera parte den kolektiboa adierazten du, beraz. Atxikimendu sentimendu bat, eta, aldi berean, multzo horretan ez daudenekiko diferentzia. Ordukok distantzia dakar gogora, iragan den garaia; denborazko distantzia, nahitaez fisikoa, lekuzkoa ere badena. Hauek, berriz, erakusle hurbilena da; ingurukoak adierazten ditu, nahiz eta norbera ez den zaku horretako parte. Hirurak elkarrekin jarriz gero, multzo bakarrean, bereizketa horiek guztiak ikusgarri egiten dira.Hala, bada, distantzia dago ipuinotan: ezberdinaren aurrean sentitzen den bestetasuna; errealitatea eta fantasia banatzen duen bitartea; desiraren zirrikituetatik sartzen den urruntasuna; senidetasunak gainditzea lortzen dez duen hesia; gizakion artean dagoen inkomunikazio hitsa."

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)