Albisteak

Arrantzatuak: Garbiņe Ubedari elkarrizketak

Asteazkena, 2018-06-06

Garbiņe Ubeda EIEko lehendakari izendatu zutenetik elkarrizketa mamitsuak egin dizkiote hainbat komunikabideetan. Albiste honetarako arrantzatu ditugu batzuk. (Argazkia: Berria).

Martxoko batzar orokorrean hartu zuen EIEko lehendakari kargua Garbiņe Ubedak, eta harekin batera hiru kide berri sartu ziren zuzndaritzara: Nora Arbelbide, Ana Galarraga eta Peru Iparragirre. Besteak beste, elkarrizketa mamitsuak egin dizkiote Ubedari Deia-Ortzadarren, eta pasa den astean bertan Berrian. Elkarrizketa hauetan gogoetagai izan ditu euskal literaturan eta, oro har, literaturan pil-pilean dauden hainbat gai.

DEIA/ORTZADAR:

"Euskara tresnatzat dugun kide eta elkarteek lobby bat osatzea eta instituzioen arteko elkarlana besterik ez dut ikusten"

"IDAZLEAZ dugun irudi orokorra aldatu nahiko nuke. Liburu formatuari, genero jakin bati eta profil sozial bati lotuegi ageri da idazlea, eta definizio zurrunegia da nire gusturako. Mota askotako lanak idazten ditu idazleak, eta zer esanik ez medio digitalek halako garrantzia hartu duten garaiotan: nobela, ipuinak edota poema bai, baina baita gidoiak, komikiak, komunikabideetarako lanak, sare sozialetako gogoetak, hitzaldiak eta bestelako perlak ere. Generoen mugak hausteko eta hibridoak sor-tzeko joera ere badago gaur egun, kazetaritzari edota bertsolaritzari literatura funditzekoa, esate baterako. Idazlearen irudia gaurkotu beharra dugu, aurreiritzi zaharkituak albo batera utzi eta garai berrietara egokitu.

Kurioski, gure elkarteko kide diren askori idazle kontuak aipatu eta uf, baina ez dut nire burua idazle ikusten esango dizute ezeroso. Beraz, bada halako beldur bat kortse edo profil horretan, inongo mesederik egiten ez duena eta birdefinitu beharko genukeena. Idazleak ez dira elite intelektual bat, baina gure kulturan giltzarri dira, bertsolariak, kazetariak, dibulgatzaileak edota euskara irakasleak bezala. Hortik tiraka, esango nuke euskara tresna nagusi duen sortzaile nahiz langile orok, estatus berezia beharko luketela Euskal Herriko lurralde osoan. Lan sozial garrantzi-tsua egiten baitute, eta guztion onurarako ari baitira, herri honek duen altxorrik garrantzi-tsuena gaurkotzen dutelako, eta erabateko desabantailan eta prekarietatean lan egin behar dutelako."

"GURE hiru instituzio nagusiek (Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak), elkar hartu beharko lukete.

Irakurtzea ez da sekula futbola izan, zaletu gutxi batzuen kontua izan da beti, baina aitortu beharra dago gero eta kontrago dituela zirkunstantzia guztiak. Euskararen erabilpena kinka larrian baldin badago, ezin esan euskal literaturaren egoera hobea denik. Aurrera begira, euskara tresnatzat dugun kide eta elkarteek lobby bat osatzea eta instituzioen arteko elkarlana besterik ez dut ikusten."

EIEBatzarra01

BERRIA

"Euskarazko liburu bat hartzea ekintza ikaragarri politiko bat da, ez baitago ez erraztasunik, ez ezer"

"Liburua argitaratu ostean, idazleek sustapen lana egin behar dute, eta arazo fiskal ikaragarriak sortzen dira, pertsona horri eskatzen zaiolako enpresa batek bezala funtziona dezan. Askotan, dirua galtzen ere ateratzen dira. Hor badago zeregin handia. Idazlearentzat, eta, areago, euskara lan tresna duenarentzat, estatus berri bat eskatu behar dugu. Frantzian, esaterako, kazetariek badute estatus berezi bat, aitortzen zaielako lan soziala egiten dutela. Gure hiru administrazioek hori bera aitortzea da nire ametsa, guk egiten duguna onura sozial bat baita. Gure altxorra, gure kultura, alegia, zaintzen eta eguneratzen laguntzen dugu".

"Idazlea ez da liburuak idazten dituena soilik; areago, gaur egun liburu kontzeptua bera ere lausotzen ari da. Gure elkartean bertan badaude gidoilariak, era askotako idazleak... (...) Idazlea liburuari eta fikzioari lotuegi ikusten dut nik. Idazteko eta argitaratzeko moldeak aldatzen ari dira, eta hori berreskuratu behar dugu."

"Niretzat tranpa ikaragarria da baloratzea zenbat irakurtzen den baloratu gabe euskararen panorama zein den."

"Goizetik hasi eta gauera arte eskuartean ditugun elementu guztiek, elikagaiek, etxetresnek, iragarkiek-eta erdaraz ematen dute informazioa, eta etengabean ari gara horrelakoak irakurtzen. Euskaldunak ahalegin eternoan aritu behar du, baldin eta euskaraz biziko bada. Hori da gure errealitatea, eta ez zenbat liburu argitaratzen ditugun eta irakurtzen diren euskaraz. Euskarazko liburu bat hartzea ekintza ikaragarri politiko bat da, ez baitago ez erraztasunik, ez ezer. Guri zer gustatuko zaigun eta non erosiko dugun kanpotik ezarri zaigun zerbait da. Ahalegin handia egin behar da, eta, gainera, ez dugu ikusgarritasunik ere."

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)