Albisteak

Abian da Gutun Zuria jaialdia

Asteartea, 2019-04-02

Abian da Gutun Zuria jaialdia. Larunbatera bitarte, literaturak hartuko du Bilboko Azkuna Zentroa. Tailerrak, mahai-inguruak eta topaketak antolatu dituzte, Artea kontatzeko artea izenburupean. Albiste honetan bildu ditugu egitarauari buruzkoak.

Gutun Zuria jaialdia antolatu dute Bilboko Azkuna Zentroan, asteartetik hasita larunbatera bitarte. Jarraian bildu ditugu jaialdiko zenbait ekitaldiri buruzkoa. Hemen ikus dezakezue egitaratu osoa.

Maialen Lujanbioren hitzaldia

Apirilaren 2an, 21etan

Batez ere bertsolari gisa ezaguna bada ere, Maialen Lujanbiok ekarpen ugari egin ditu, halaber, bertsolaritzaren ertzetan zein haietatik kanpo. Zubi asko eraiki izan ditu bertsolaritza eta beste arte disziplina garaikideen (musika, arte biziak, arte bisualak, fikzioa…) artean, hala diskurtsiboki nola praktika artistikoen bidez (Ornitorrinkus, Txori mugariak, Balitzen hioa). Bada, hain justu, zubi horiek izango dira bere ekitaldiko ardatza, eta bertsolaritzak inguruko arteekin duen harremanaz hausnartuko du Lujanbiok hitzaldi honetan. Askotan praktika isolatu eta aparteko moduan ikusi izan da bertsolaritza, baina ez ote du uste baino harreman handiagoa beste arte batzuekin? Zenbat du, adibidez, poesiatik? Zeintzuk dira haien arteko desberdintasunak? Nola gauzatzen dira diziplina artistikoen arteko hierarkiak?


Hitz beste: topaketa Euskal Idazleen Elkartearekin

Apirilaren 4an, 10etatik 13ak arte

Euskal Idazleen Elkarteak Hitz Beste topaketa kudeatzen du apirilaren 4an. Hitzarekin baliatuz edo hitzak erabiliaz hamaika espresio mota daude. Artearekin, filosofiarekin, antzerkiarekin edo grafikarekin hitzak duen lotura aztertuko da. Horretarako diziplina ezberdinak jarriko dira parez pare eta elkarrizketan.

Sarrera hitzaldia Joxemari Iturraldek egingo du eta “Literatura eta beste sormen adierazpenak” deitu dio.
Ondoren, Yurre Ugarte, Nerea Ibarzabal eta Iņigo Dierez arituko dira gai hauei buruz. Samara Veltek bideratuko du mahai-ingurua.


Harkaitz Cano eta Xabier Gantzarainen arteko elkarrizketa

Apirilaren 4an, 18etan

Harkaitz Cano eta Xabier Gantzarain adiskide zaharrak dira 90eko hamarkadan beste zenbait kiderekin batera Lubaki banda literatur taldea osatu zutenetik. Ordutik, Cano idazle gisa ibilbide oparoa egin du, eta arte garaikideak presentzia nabarmena izan du bere obran. Alabaina, ez da gehiegi nabarmendu alderdi hori eta oraindik aztertzeko dagoen kontu bat da. Gantzarain beti mugitu izan da literatur eta artearen arteko mugetan. Arte ikasketak egiteaz gain, ezaguna da portada-diseinatzaile gisa egin izan duen lana (tartean Canoren zenbait libururena). Berriki, euskal arte garaikideari buruzko saiakera interesgarria argitaratu du (Zuloa), non Gaur taldearen ondorengo artea aztertzen duen hainbat obra eta artisten bidez. Honenbestez, bi autoreok Canoren literaturaren eta arte garaikidearen arteko harremanaren inguruan ez ezik, euskal arte garaikideaz eta liburuen azalgintzaz jardungo dira.


Beatriz Chivite, Eric Dicharry eta Danele Sarriugarteren mahai-ingurua

Gidaria: Beņat Sarasola

Apirilaren 5ean, 18etan

Hiru idazle hauen obretan zein praktiketan arte garaikideak garrantzia nabarmena du.  Hirurak dira literatura idazle, hirurak berriki samar argitaratzen hasiak, baina bakoitzak leku ezberdinetatik begiratzen dio arteari. Dicharryk sormena eta ikerketa nahasten ditu maiz, eta bere literatur lan zenbait, poesia bisualezkoak esaterako, arte garaikidearen barnean ere koka litezke. Chivitek arte ikasketak egin ditu halaber, eta interes bereziz begiratu izan du ekialdeko kulturetako arteari. Bere poesia lanak, bada, artearen inguruko hausnarketez eta ekialdeko sentsibilitatez josiak daude. Sarriugarteren kasuan, arte munduan kokatzen du arreta bere azkeneko nobelan (Azala erre); hau da, arte munduko botere-harreman, arrakasta-porrot erlazio eta irudi publikoa bezalako gaietan. Beņat Sarasola idazle eta ikertzaileak kartela osatzen du. Idazle gisa, bi poema-liburu ditu argitaraturik -Kaxa huts bat eta Alea-, eta lehen eleberria argitaratu berri du -Deklaratzekorik ez-. Editore-lanetan, munduko poesia modernorik onena euskarara itzultzen duen Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bilduma zuzentzen du. Mahai-inguru honek, beraz, euskal idazleak zenbait arte garaikidera nola hurbiltzen diren ezagutzeko parada emango digu: nola lotzen dira literatura eta artea? Nola literaturaren instituzioa eta artearena? Zeintzuk dira bien arteko mugak?


Bernardo Atxaga eta Oskar Alegriaren solasaldia

Apirilaren 5ean, 19:30etan

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)