Albisteak

Gazako ilargia, Little Momoren eskutik

Osteguna, 2012-09-06

Little Momok sinatutako Gazako ilargia ipuina heldu zaigu Aingura Hegodunak atalera. Jarraian irakurri dezakezue.

(Ideia batek hamaika buelta eman ditzake loezinak jotako iheslariaren buruan. Hurrengo testuaren ideia kanta izateko sortu zen. Alabaina eta arrazoi ezberdinengatik, ez zen horrela gauzatu, eta horra doa testu bilakaturik, ea horrela burutik ateratzen den)

GAZAKO ILARGIA

-Infernu honetatik ihes egin beharko genuke -erran zuen amak behin.

-Ihes egin? Nola? Nora? -arrapostu zion aitak- Lau pareta hauetatik aparte ez dugu bertze ezer... Gainera, hau da gure lurra, lur palestinarra... Gure arbasoak lur honetan bizi ziren gu bizi garen bezal-bezala. Eta gure seme-alabak ere lur santu honetan biziko dira.

Ama begira geratu zitzaion aitari, mutu baina pentsakor. Ez zien aitaren solasei erantzun baina “hau ez da bizitzea, hau hiltzea da” pentsatzen zuela iruditu zitzaidan. Gero, guri zuzendu zigun bere beirazko begirada, beren seme-alabei alegia, bonbei eta misilei gutako nork biziraunen zuen asmatu nahian bezala.

Horrelako solasaldiak maiz aditzen ziren gure etxean, baita barrideenetan ere nik uste. Gure lurra..., lur santua..., lur palestinarra... Zenbat palestinarrek egin ote du amets lur honekin? Belaunaldiz belaunaldi amets bera: lur palestinarra.

Amets horiek guziek harritu naute beti, txiki-txikitatik. Gosea, egarria, eritasunak, errepresioa, gerra, hegazkinak, bonbak, helikopteroak, misilak, hildakoak, odola... Zer ikusten diote lur madarikatu honi? Zertaz amestu horrelako lur batekin?

Nik, amets egitekotan, ilargi palestinarrarekin amestea nahiago dut. Gauero etortzen zait bisitan Gazako ilargia, batzuetan erdi ahalketurik eta bertze batzuetan konplexurik gabe. Beti triste, hori bai, baina hemen ikusten duenarekin... nola alai egon?

Lur palestinarra zer den, zoritxarrez, egunero ikusten dut. Ilargi palestinarra ordea... Ziur han ez dagoela gerrarik, ez hegazkinik, ez bonbarik ez eta kolonorik ere ez. Nola ez egin amets horrelako leku xarmant batekin?

Gau batez gorri-gorri zegoen ilargia, eta aitak “ilargi gorritua gau odoltsua” erran zuen, baita seme-alabei ilargi odoleztatu hura ez begiratzeko agindu ere. Dena dela, nik banekien odol hori guzia ez zela ilargiarena, izan ere, israeldarrek birrindu ziguten eskolan aspaldi ikasi nuen ilargiak ez duela argi propiorik, eta ispilu baten gisan, parean duena baino ez duela islatzen.

Luze gabe, heriotzaren motorrak aditu ziren zerumugan. Nik, nire anai-arrebak estuki besarkatu, eta ilargi palestinarrarekin egin nuen amets.

Errepresioaren joanak

Askatasunaren etorriak izanen direlakoan,

etorririk gabeko bortxazko joanik ez!

Little*

*egilearen oharra Israelgo agintariei: hau ipuin bat da, bertzerik gabe, nolabaiteko zentzu metaforiko batekin, beraz eta faborez, oraindik bizirik gelditzen diren palestinar apurrak ez igorri ilargira ipuina aitzakiatzat hartuz.**

**egilearen oharra irakurleari: Israelgo agintariendako oharrak zentzu bikoitza dauka, izan ere, palestinarrak atxilo hartzeko, torturatzeko, erailtzeko eta desagerrarazteko Israelek duen espetxe sekretu nagusia “Ilargia” ezizenez ezagutzen da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    earra mumu!!!! kantu baterako letra bilakatzen dekenian nik musikatuko diat!!!

    2012-09-06 10:37hodei