Albisteak

"Gazteei ate berri bat irekitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu"

Asteartea, 2017-09-12

Poesia sustatzeko ekimen berri bat jarri da martxan: DK Poesia Lehiaketa. Balea Zuria argitaletxea eta Donostia Kultura dira egitasmo honen sustatzaileak. "Jakin badakigu ez dagoela ekonomia apustu handiak egiteko, baina gure apustutxoa egin nahi izan dugu", halaxe aitortu digute Balea Zuriako kideek.

DK Poesia Lehiaketaren oinarriak eman dira argitara. Zeintzuk izan dira lehiaketa antolatzeko arrazoi nagusiak? Bide batez, urtero antolatuko al da? 

Aritz Gorrotxategi. Poesiarentzat espazio berri bat sortzea, batez ere, idazle gazteei zuzendua. Ziur gaude badagoela poesiarekiko interesa, eta badirela isilean edo ezkutuan idazten duten idazlegaiak. Lehiaketa bat beti da aitzakia ona idatzitako zirriborro horiek bildu, txukundu eta forma emateko. Eta, bai, asmoa urtero antolatzea da.


35 urte azpiko idazleei zuzenduta dagoela ikusi dugu. Poeta sarituak 1.000 euro jasoko ditu eta bere lana Balea Zuria argitaletxean emango da argitara. Sari bikoitza izango da, beraz?

Aritz Gorrotxategi. Teknologia berrien aroan bizi bagara ere, esango nuke oraindik ere liburuak bihurtzen duela idazlea idazle. Alde horretatik, bai iruditzen zait sariarekin batera liburua kaleratzeko aukera ematea sari bikoitza dela. Zenbait literatur lehiaketa erdi bidean geratzen dira, eta saritutako lanak ez dira argitara ematen, edo, ematen badira, apenas duten zabalkunderik.


Euskal Herrian, ia argitaletxe gehienek plazaratzen dituzte poesia lanak. Narratibakoak gehiengo badira ere, poesiak badu bere txokoa. Gazteen arloan ikusten duzue akaso gabeziarik handiena?

Aritz Gorrotxategi. Ni 75ekoa naiz, eta neure beunaldikide askok eman zuten argitara beren lehen lana 30ak bete baino lehen. Agian, boom moduko bat izan zen, eta ez zen normala. Zenbait urte igaro dira, belaunaldi berriagoak ere iritsi dira. Eta datuak hor daude: idazle gazteek idatzitako gero eta poesia liburu gutxiago argitaratzen dira. Prosa lanak gehiago, baina hor ere jaitsi da ekoizpena. Gauzak aldatu dira, baina ez dut uste poesiarekiko zaletasuna jaitsi denik. Jakin badakigu ez dagoela ekonomia apustu handiak egiteko, baina gure apustutxoa egin nahi izan dugu, eta gazteei ate berri bat irekitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.


Balea Zuria argitaletxeak Txillidari gorazarre liburua plazaratu zuen udaberrian. Poesia lanez gain bestelako argitalpenak ere sustatuko al dituzue? Zerbait aurreratzerik bai?

Aritz Gorrotxategi. Printzipioz, poesia liburuak eta saiakera literarioak argitaratuko ditugu. Laster emango dugu argitara hurrengo liburua. Urtean bizpahiru liburu ateratzea da gure helburua. Hasiberriak gara honetan, eta ari gara pixkana pausoak ematen. Gure inguruan harrera beroa sumatu dugu. Beti da albiste ona argitaletxe berri bat plazaratzea edo liburu-denda berri bat zabaltzea. Dena den, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran izango gara zehaztasun gehiago emateko moduan.


DK Poesia Lehiaketa, oinarriak

Lehenengo edizioa, 2017

Balea Zuria argitaletxeak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, euskarazko poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz, DK Poesia Lehiaketaren lehenengo edizioa abian jarri du, honako oinarri hauekin:

1. Deialdi honetara poesia bildumak aurkez daitezke, euskaraz eta bakarka idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo literatura-lehiaketatan saririk eskuratu gabeak. Baldintza hauetakoren bat bete ezean, lehiaketatik kanpo geratuko da egilea, horretarako epaimahaiak eta Donostia Kulturak berariazko erabakia hartu eta gero.

Epaimahaiak, epaia publiko egin eta gero, frogatuko balu saritutako lanak ez duela baldintza horietako bat betetzen, jasotako saria itzuli beharko du egileak.

2. Deialdia adin nagusiak diren egile berriei zuzenduta dagoenez, baldintza hau bete beharko da: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea. Baldintza horren muga proiektuak jasotzeko unekoa da.

3. Lanen luzera, gutxienez 600 bertso-lerrokoa izango da, eta gehienez 1.000koa. Gaia, errima eta neurria libreak izango dira.

4. Lanak emailez aurkeztu beharko dira, honako helbide honetan: dkpoesialehiaketa@donostia.eus

Lanaren egileak bi dokumentu bidali beharko ditu:

- Batetik, lehiaketara aurkeztuko den poesia bilduma PDF formatuan eta izenburuarekin, egilea nor den jakitera eman dezakeen inolako daturik jarri gabe.

- Bestetik, lanaren izenburuaz gain, egilearen datuak jasotzen dituen agiria: Izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta e-posta, NANaren fotokopia bat erantsita duela.

5. Lanak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 15ean amaituko da.

6. Pello Otxoteko, Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda idazleek osatutako epaimahaiak jasotako lan guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2018ko martxoaren 21a baino lehen.

Epaitze lan horretan Donostia Kulturak idazkaritza lana egingo du. Sari banaketa egun horretan bertan egingo da. Parte-hartzaileen lanak 15 egunez gordeko dira sari banaketa egiten den egunetik aurrera kontatuta.

Epe hori gaindituta, egileek ezingo dute lana berreskuratu. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

7. Saria 1.000 euro gordinekoa da. Diru-kopuru horri dagozkion atxikipenak egingo zaizkio, indarrean dauden arauen arabera. Horrez gain, Imanol Larrinagaren margolan bat emango zaio irabazleari.

8. Sari ekonomikoaz gain, Balea Zuria argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik lau-bost hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

9. Literatura Lehiaketa honetan parte hartze hutsak oinarrion erabateko onespena adierazten du. Oinarri hauetan aurreikusi gabeko gorabeheraren bat sortzen bada, epaimahaiak ebatziko du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)