Albisteak

"Gizonon perspektibatik ihes egin nahi izan dut"

Asteazkena, 2018-11-07

Hariak (Susa) nobelan, Yoseba Peñak belaunaldi ezberdinetako hiru emakumeren bizipenak islatu ditu. Euskal Herrian, 1936tik 1986ra doan denbora tartean kokatzen dira liburuko tramak.

Yoseba Peñak Euskal Herriaren berrogeita hamar urteko intrahistorian erreparatu du. “Euskal Herriaren zati garrantzitsu bati buruz idatzi du. Letra larriz idazten den historiari erreparatu baino, historia handi horren azpian dauden kontuei erreparatu die”, Leire Lopez Susako editoreak aurkezpen ekitaldian argitu zuenez. “Erretaguardiaren zailtasunak azaldu ditu”.


Hiru galdera

Nobelari ekiteko orduan, idazleak hiru kezka nagusi zituen buruan eta kezka bakoitza garai jakin bati lotuta zegoen. Lehenak 36ko gerrara garamatza. “Garai hartan, nola iritsi ziren bizilagunei lapurreta egitera, bizilagunak salatzera, bizilagunak akabatzera?”. Horren segidan dator Yoseba Peñaren bigarren kezka. Franco diktadorea agintea zen dagoeneko. “Nire amaren belaunaldian esnatze kolektibo bat eman zen. Zer nolako bizipenak izan zituzten emakume haiek?”. Azken kezkak Frankismoaren azkenetan kokatzen gaitu. “Nola iritsi ziren hainbat gazte euren bizitzak arriskuan jartzera eta zergatik jarraitu zuten haietako batzuk Franco hil ondoren ere?”.

Hiru galdera horiez gain, Yoseba Peñak lau eszena izan ditu gogoan. Eszena bakoitza argazki bati lotuta dago. Lehenak Anttoni Telleriaren tragediaren oihartzuna dakar. 36ko gerran, Elgetako frontean, frankistek Anttoniren etxeko atea bota, aitari tiro egin buruan, ama erail eta Anttoni bortxatu egin zutenekoa.

Donostiako Anoeta pilotalekuan kokatzen da bigarren eszena. Franco bertan zela, Joseba Elosegik soinean zeraman arropari su eman zionekoa. 1970eko irudia.

Hirugarren eszenan, neska gazte bat dago. Makal iritsi da etxera. Ohera sartu da ondoezik. Hurrengo goizean odoletan esnatu eta barne jario baten ondorioz hil egingo da. “Oskorriko kanta batean ageri den Adela da”.

Laugarren eszenan, “Yoyes ikusten nuen. Semearekin batera, Donostiako bere etxetik ateratzen. Eta kotxe tartean, argazkilari bat argazkiak ateratzen”.

Hiru galdera eta lau eszena horien bitartez, XX. mendearen erreadiografia modukoa osatu du.


Hiru emakume

Gerraz eta gerraren ondorioez gizonen optikatik idatzi izan da. Yoseba Peñak horri aurre egin eta hiru emakumeren bizitzak hartu ditu hizpide. Irene, Xexili eta Olatz dira nobela egituratzen duten pertsonaiak. “Ihes egin nahi izan dut gizonon perspektibatik eta isilduei eman nahi nien hitza, nolabait esatearren. Eta horregatik eman diet hitza emakumeei”.

Emakume kementsuen istorioak batu dituela dio. “Zenbait arrazoi tarteko, gizonezkoek utzitako hutsuneak ere bete behar izan zituzten emakumeenak”. Yoseba Peñaren esanetan, “ez zituzten hutsune horiek bete gizoenezko rolak hartuz. Beste modu batean egin zuten. Eta horregatik uste dut merezi duela kontatzeak. Emakumeen inguruan ari naiz bai, baina aldi berean gizonok ez egindakoaz eta gizonon huts egiteez ari naiz”.


Hiru liburu

Hariak (Susa) nobela idatzi zuen garaian, Yoseba Peñak hiru erreferentzia literario izan zituen gogoan: Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar), Margaret Atwooden The Handmaid’s Tale eta Primo Leviren I sommersi e i salvati.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)