Albisteak

Goierriko I. Irakurle Taldeen Topaketa

Asteartea, 2017-06-13

Goierriko Lehen Irakurle Taldeen Topaketa antolatu dute ekainaren 17an Beasaingo Dolarea Parkean, arratsaldeko seietatik aurrera. Joan Mari Irigoienen Consummatum Est (Elkar, 1993) liburua izango dute mintzagai, eta omenaldia egingo diote ondoren. Irati Goikoetxeak azaldu dizkigu ekimenaren nondik norakoak, jarraian irakurri dezakezue elkarrizketa.

Ez ohiko ekimena jarri dute martxan Goierri aldean, irakurle taldeen inguruan: Goierriko irakurle talde ezberdinetako dinamiketan parte hartzen ari diren lagun guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta baita gainerako goierritar guztiak ere. Beasainen, Ordizian, Lazkaon, Seguran, Izalen, Zumarraga-Urretxun, Gabirin badira irakurle taldeak eta topaketa bat egin, liburu beraren inguruko tertulia egin eta elkarren dinamikak ezagutzea izan dute ekimen honekin helburu.

Joan Mari Irigoienen Consummatum Est liburua izango dute mintzagai arratsaldeko seietatik aurrera. Liburua irakurri nahi duen ororen eskura jarri dituzte liburua Beasaingo nahiz Ordiziako Udal Biblioteketan.

consummatum est

Consummatum Est liburuaren inguruko solasaldiaren ondoren, omenaldia egingo diote Joan Mari Irigoien egileari, euskal Literaturari egin dion eta egiten ari zaion ekarpena eskertzeko. Omenaldiaren alderdirik ederrenetako bat idazlearen liburua hainbeste jendek irakurtzea da, baina horretaz gain omenaldi literario-artistikoa ere izango da.

Irati Goikoetxearekin ekimenari buruz elkarrizketa

Ekimen berezia da Goierriko Irakurlee Taldeen topaketarena. Nola sortu zen horrelako ideia bat?

Asmo eta helburuetako bat Irakurle Taldeen dinamika kalera atera eta ikusgarri egitea da. Honekin guztiarekin tertulietara irakurle berriak erakartzen baditugu, zoragarri! Horrez gain, Goierriko beste herri batzuetan Irakurle Talde berriak sortzeko balio badu are eta hobeto. Pare bat herrirekin ari gara hizketan eta badirudi gogotsu helduko diotela ideiari.

Asmoa jarraipena eman eta datorren urtean topaketa Goierriko beste herri batean egitea da. Herrietan kultur agenda zabala dago, baina, eskualde mailan ekimen gutxi egiten dira; garrantzitsua iruditzen zitzaigun elkarren berri izan eta elkarrena aberasten hastea.

Zenbat taldek hartuko du parte ekimenean, zenbat irakurlek gutxi gorabehera?

Gaur egun hamar irakurle talde ditu Goierrik; egunera arte ezin jakin zenbat irakurle hurbilduko diren tertuliara, baina, 100 lagun inguru ari dira liburua irakurtzen; Beasainen bertan 60 inguru.

Irakurle Taldeetako solasaldi giroa intimo samarra izan ohi da, nola aurreikusten duzue dinamizatzea larunbatekoa jende gehiagorekin?

Talde handi samarra elkartuko garenez, mintzodromo saioen egitura emango diogu topaketari. 6-7 laguneko taldeak egingo ditugu eta irakurle talde ezberdinetako kideak nahasten saiatuko gara, liburuaz hitz egiteaz gain irakurle talde bakoitzaren dinamika elkarri ezagutaraztea ere nahiko genukeelako. Talde bakoitzak hizketarako gidoi, gai proposamen zerrenda bat izango du.

Euskal literaturako klasiko bat aukeratu duzue, Consummatum est. Zergatik?

Lehen bulkadei kasu egin behar omen zaie, ezta? Ekaitz anaiak eta biok aspaldi irakurria genuen liburua eta zehaztasunez hariaz gogoratzen ez baginen ere biok bagenuen halako oroitzapen gozo bat. Gainera, ez da Joan Mariren beste zenbait liburu bezain ezaguna eta beraz, irakurgai ezberdin bat proposatzeko aukera ere ematen zigun. Jakin dugu irakurle asko oso gustura irakurtzen ari direla eta poztekoa da hori.

Joan Mari Irigoien omenduko duzue bide batez. Zer nolako ekitaldia izango da? Zer aurreratu daiteke?

Hasierako ideia topaketa soilik egitea zen, baina, euskal literaturari horrenbeste eman dion eta ematen ari zaion idazle bikain bat omentzeko ideiak berehala erakarri gintuen. Omenaldi xume bat egitea zen asmoa, baina, ia oharkabean uste eta espero ez genuen dimentsioa hartu du. Joan Marik berak, familiak, bere inguru eta lagunarteak, idazle kideek ilusio handiz hartu dute ideia eta asko dira parte hartze zuzena eskainiz bertan izango direnak. Maitasun handiz prestatutako literatur saio artistikoa izango da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)