Albisteak

Harkaitz Canok “Fakirraren ahotsa” nobela aurkeztu du

Asteazkena, 2018-11-28

Harkaitz Canok Fakirraren ahotsa nobela aurkeztu berri du Susa argitaletxearen eskutik. Bertan Imanol kantariaren bizitza eta obra izan ditu inspirazio iturri, fikziotik beti ere.

Imanol Lurgain da nobela honetako protagonistaren izena, baina zentzu horretan esanguratsua da oso nobelak dakarren eskaintza: "Lurgain ez den Larzabali, fikziozko Imanol hau posible egiteagatik”. Lerro artean suma daiteke zer nolako Imanol den liburuak topatuko duena irakurleak: pertsonaia bilakaturiko pertsonaren bizitza ardatz, hasi eta buka fikzio grinez den narrazioa. Funtsean, horrelako pertsonaia ezagunekin gertatu daitekeen modura, irakurleen ispilu gerta daiteeen lana da Fakirraren ahotsa, segur aski irakurle askok sortua izango duelako bere Imanol propioa. Akaso hori izan daiteke fikzio onaren bertutea: irakurketaren bitartez Imanol posible guztiak azaleratzea.

Leire Lopez Ziluaga: "Liburuak interesa du besteak beste euskal kulturako pertsona garrantzitsu baten bizitza kontatzen duelako eta bizitza horrek bere berezitasunean mundua aldatu nahi izan zuen belaunaldi baten berri ematen digulako"

“Nobelara soilik errealitate bila hurbilduz gero haren izaera fikzionala ukatzeko arriskua ere badago, ez diot garrantzirik kendu nahi liburuak errealitatetik duenari, benetako Imanolekin duen harremanari jakina. Liburuak interesa du besteak beste euskal kulturako pertsona garrantzitsu baten bizitza kontatzen duelako eta bizitza horrek bere berezitasunean mundua aldatu nahi izan zuen belaunaldi baten berri ematen digulako eta gure azken hamarkadetako historiaren berri baita ere. Imanol Larzabalek berak irakurketa eta iritzi askotarako ematen duelako, baina liburua errealitate huts balitz eta errealitatearen arabera soilik baloratuko bagenu ez ginateke nobela baten aurrean egongo, beste zerbait izango litzateke. Biografia bat agian, eta hau ez da biografia bat, nobela bat da.”

Harkaitz Cano: "Batez ere esango nuke kantari baten istorioa dela"

“Zergatik Imanol? galdetzen didate. Esango nuke lehenbiziko eta behin pertsona askea zelako, egitura guztietan enkaje zailekoa beharbada, bere legeen arau bizi zen kantari bat. Pertsona publiko guztiekin gertatzen den bezala, badu alderdi bat oso ezaguna, edo denok ustez ezagutzen duguna, edo iritzi bat duguna, eta beste bat oso ezezaguna, orduan zein izan da nire zeregina? Ezagunegia den horretan motibazioak, nabardurak eta gezurtatzeak bilatzea, eta ezezaguna den horretan gertaerak edo kronikak, horietan gehiago sakontzen saiatzea.”

“Fakirra da Imanol Larzabalek benetan zuen goitizena. Fakirra deitzen zioten, nik ez nekien, baina jakin nuelarik topatu nuen izenburu bat itsusia iruditzen zaiona jende askori baina inebitablea dena. Nobela honek eskatzen didan izenburua da “Fakirraren ahotsa”. Zergatik? Imanoli fakirra deitzen ziotelako, eta bere ahotsaz ari garelako denbora guztian. Fakirra or da? Fakirra da sua botatzen duena ahotik, eta kutxilloak sartzen dituena eztarritik, dago iltzedun ohean lo egiten duena, eta txingarren gainean oinez, baina zein da fakirraren ahotsa? Fakirraren ofizioa ez al da mina irenstea? Beraz mina irensten duenaren eta mina irensten dutenen ahotsa zein da? Horren bila ere bagabiltza beharbada.”

Aurkezpen honen uberan:

Liburua OSORIK sarean

EITB: Harkaitz Canok 'Fakirraren ahotsa' eleberria aurkeztu du

Berria: Ez da bera baina bada

Diario Vasco: 'Fakirraren ahotsa', Imanol Larzabalek inspiratutako nobela

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)