Albisteak

Hassanen amorrua euskarara

Asteartea, 2017-04-18

Yahya Hassanen danimarkarraren lehen poema-liburua argitaratu du Denonartean argitaletxeak, Juan Mari Mendizabalen itzulpenean: Yahya Hassan. Arrakasta handia bildu du hala Danimarkan nola nazioartean Hassanen lan honek. Irudia: Vegard Grøtt

Poemak, garrasi

Yahya Hassan deitzen dira biak: autorea eta lehen liburua. Izan ere, Yahya Hassanen beraren esperientziak ditu oinarrian idazlearen lehen poema liburuak. 1995ean jaio zen Hassan, Danimarkako Aarhus hirian, eta 2013an argitaratu zuen orain Denonarteanek euskarara ekarri duena. Sekulako arrakasta bildu zuen Hassanek Danimarkan: 100.000 ale saldu zituen bi hilabetean. Arrakasta berehala zabaldu da inguruko herrialdeetara ere.

Iheslari palestinarren semea da Hassan, eta bere poemetan gogor kritikatu ditu islama, arbasoak eta bere gurasoen belaunaldiko migratzaileak. Literaturarekin ez ezik, rap musikarekin ere badu lotura Hassanek. Amorruz beteriko poemak bildu ditu bere lehen liburu honetan, eta amorru horren isla da ortografia: letra larriz daude idatzirik denak.

Amu gisa, haurtzaroa

Poema honexekin abiatzen da liburua, Haurtzaroa izenekoarekin:

BOST HAUR ILARAN ETA AITA BAT MAKILA BATEKIN

NEGAR FRANKO ETA PUTZU BAT PIXA

TXANDAKA LUZATZEN DUGU ESKUA

AURREIKUSITA DAGO

HOTS HORI KOLPEAK JOTZEAN

ARREBA ORAIN OIN BATEN

ORAIN BESTEAREN GAINEAN ARI DA SALTOKA

UR-JAUZI BAT DA PIXA HAREN HANKETAN BEHERA

LEHENBIZI ESKU BAT AURRERATU GERO BESTEA

DENBORA GEHIEGI IGAROZ GERO EDONORA DOAZ KOLPEAK

KOLPE BAT GARRASI BAT ZENBAKI BAT 30 EDO 40 EDO BATZUETAN 50

ETA AZKEN MAKILKADA IPURDIAN ATETIK IRTEN AHALA

ANAIARI SORBALDETATIK HELDU ETA ZUZENDU EGIN DU

JOTZEN ETA ZENBATZEN JARRAITU DU

NI LURRERA BEGIRATU ETA NIRE TXANDAREN ZAIN GERATU NAIZ

AMA PLATERAK HAUSTEN ARI DA ESKAILERETAN

ALDI BEREAN AL JAZEERA TRANSMITITZEN ARI DA

HONDEAMAKINA HIPERAKTIBOAK ETA GORPUTZ ATAL MINDUAK

GAZAKO ZERRENDA EGUZKITAN

BANDERAK ERRE DITUZTE

SIONISTA BATEK EZ BADU GURE EXISTENTZIA AITORTZEN

BALDIN ETA EXISTITZEN BAGARA

BELDURREZ ETA OINAZEZ ZOTINKA HASTEN GARENEAN

ARNASAREN EDO LOGIKAREN BILA ARI GARENEAN

ESKOLAN EZ DIGUTE ARABIERAZ EGITEN UZTEN

ETXEAN EZ DIGUTE DANIERAZ EGITEN UZTEN

KOLPE BAT GARRASI BAT ZENBAKI BAT

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)