Albisteak

Gaur amaitzen da Hatsaren Poesia 20. bilduman parte hartzeko deialdia

Astelehena, 2018-01-15

2018an Hatsaren Poesia 20. bilduma plazaratuko du. Beste behin ere parte hartzea irekia izango da, alegia, jasotako lan guztiek edukiko dute beren lekua liburuan. Apirilaren 8an aurkeztuko dute liburua Senperen. (Argazkia: 2017ko Hatsaren Poesia liburuko familia argazkia).

20 urte, 20 liburu, hamika parte hartzaile, kultur proiektuei dagokionez bizitza oso bat. Auxtin Zamorak koordinatu du urteotan guztiotan Hatsaren jarduna, eta aurtengo liburuaren ostean lekukoa emango die beste kide batzuei. Aurten egin den Hatsaren Biltzar Nagusian Hatsaren jardunari eutsiko diotela aipatu zuten, Zamorak utzi ostean txandaka eta koordinatzailearen rola nola bete ikusi bitartean.

Berezia izango da, beraz, idazle askoren bilgune izan den Hatsaren Poesia bildumaren 2018ko aurkezpena, ziklo bat beteko da 20. alearekin. Hogei urtez Hatsaren Poesia Bildumaren izpirituari eutsi egin diote: irekia, parte hartzailea, euskalduna. Askotarikoa izan dira bertan parte hartu duten idazleen ahotsak: adinari dagokionez, gaiei dagokionez, ez da sekula mugarik egon. Maila berean publikatu dituzte testuak idazle ezagunek eta ezezagunek, ibilbide luzekoek eta hasiberriek, haurrek zein gazteek. Poesiak eta idazletzak elkartu ditu denak, beste ezeren gainetik.

hatsaren azala

Apirileko lehen asteburuan aurkeztu izan dira Senperen bildumak, urte luzez Oxtikenia etxean, Larraldea kultur bilgunean ondoren bertan Hatsak egoitza hartuta. Hatsako kideek iragarri dutenez, apirilaren 8an izango da aurtengo zita.

Parte hartzeak ez du mugarik, baina bai parte hartzeen tamainak: 3-4 poema dira aurkeztu beharrekoak. Testuekin batera egilearen argazki bat bidali behar zaie Hatsako kideei. Poemak bidaltzeko azken eguna gaur, urtarrilaren 15a, da. Posta arruntez edo emailez bidal daitezke lanak, honatx helbideak:

Hatsa elkartea

Oxtikenea Fr 64310

EH Senpere

olerkibilduma@sfr.fr

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)