Albisteak

Hegats, poesiaz gainezka

Asteazkena, 2017-12-06

Kalean da Hegats aldizkariaren 55. zenbakia. 100 orrialdeko argitalpen mamitsua. Honakoan, Felipe Juaristik egin ditu zuzendari lanak eta euskal poesia hartu du ardatz. Iñigo Ibañezenak dira argazkiak eta Sardina etxeak egin ditu diseinu eta maketazio lanak. Ostiral honetan, aldizkariari buruzko solasaldia egingo dute Durangoko Azokan. Ahotsenean, eguerdiko 13:00ean.

2015. urtean, Hegats aldizkariak aro berri bati ekin zion. Lander Garroren zuzendaritzapean, itxura berri bat hartu zuen. Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen argitalpenaren azala eta mamia gaurkotu zituen. Lander Garrok urratu zuen bidetik jarraitu zuen iaz Alaine Agirrek. Honakoan, Felipe Juaristi izan da Hegats-en edizio lanaz arduratu den idazlea.

Edukiari dagokionez, euskal poesia hartu du ardatz. Elkarrizketa sakonak dira aurtengo aldizkariaren zutabe nagusiak. Tere Irastortza, Patxi Ezkiaga, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea eta Luis Garde dira solasaldi horietako protagonistak. Hasi berri direnen ahotsak ere batu dituzte Hegatsen. Izaskun Gracia Quintanak egin duen artikuluan hainbat idazle hartu ditu hizpide. Aritz Gorrotxategik aldiz, solasaldi berean batu ditu Garazi Ugalde eta Beatriz Chivite. 


Carson

Urruneko oihartzunak

Poesia zenbaki berriko gai nagusia bada ere, Hegats ez da aldizkari monografiko horietako batean bilakatu. Errusiako Iraultzari buruzko bi artikulu topatuko ditu irakurleak. Joxe Iriarte Bikila eta Hedoi Etxarteren sinadurak daramate bi idatzi horiek.

Bestelako generoak, bestelako tematikak eta beste lurralde batzuetako erreferentziak ere jaso dira Hegats berrian. Itziar Minguezek, esate baterako, Carson McCullers idazle amerikarrari buruzko soslai literarioa osatu du (goiko irudikoa da McCullers).

Txema Arinasek aldiz, Primo Leviren poesiaren zama arina izeneko artikulua ondu du. Eta Hasier Rekondok, Munduko Poesia Kaierak bilduma abiapuntu harturik, atzerriko poeten erreferentzia literarioak ekarri ditu gogora. Kanonaz haraindi bada poesiarik erreportajean, Alfonsina Storniri egiten dio aipamena Rekondok. Eta idazle argentinarrari buruzko testu bat osatu du Uxue Alberdik.

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean, Iratxe Retolazak poesia-aleetan irudikaturiko oroitzak bildu ditu. Eta “Urteko gertakariak” atalean, 2017ak literarioki gurean eman duena laburbildua dator lau orritan.


Joandakoak gogoan

Hil berri diren idazleentzako tarte bat gorde dute. Luis Mari Mujika, Hasier Etxeberria, Marijane Minaberri eta Pierre Xarriton idazleen soslai bana datoz aurtengo Hegats-en.

Hitzen Uberan web orriak ere badu bere tartea Hegats aldizkarian. Aurten, Komunitatea atalean egin diren ekarpenen lagin batzuk batu dituzte.


Jasone Osoro: Ederra

Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da eta berak idatzi du Hegats-eko hitzaurrea. Aldizkariaren aurkezpen ekitaldian, hitzaurrean ipinitakoak ekarri zituen gomutara:

“Poesia hautatu du Felipek. Olerkariz bete ditu orrialde hauek guztiak eta ederra da egiaztatzea poesiaren euskal letretan ere badaudela belaunaldi bat baino gehiago. Ederra da ikustea nola batzuk eta besteek sinbologia antzekoa erabiltzen duten baina, era berean, ikuspegi, bizipen eta sorkuntza-iturri ezberdinetatik. Ederra da irakurtzea Patxi Ezkiaga sirenak aldarrikatuz, hain ahotsa-hotsa-doinua mirestuz; esanaz, sirenak oraindik deika dauzkagula itsasotik eta kasu egin beharra dagoela. Ederra da irakurtzea poesian daudela plazera, politika, disidentzia, gorputza, droga, maitasuna. Ederra aita-alaba batek elkarrekin nobela bat idatzi zutela jakitea. Poeta diren gurasoek alabari poetak irakurtzea gomendatzen diotela. Ederra da irakurtzea argitaratzea ez dela urgentzia, esan beharrekoak esateko beste modu batzuk ere badaudelako. Ederra den bezala sariak baloratzea, baina autokritika puntua ere izatea. Poesiak ez digu gurea den baino mundu ederrago edo eztitsuago bat bermatuko, ez da gure minentzako opio-belarra, dio Gardek. Eta, halere, poesiak bi aldeak erakusten omen ditu Chiviteren ustez, batetik kritika soziala, eta bestetik esperantza. Ederra. Orriotan irakurri daitekeenez, poesiak generoa badu, genero hori libertatearena da. Ederra, ezta? Tere Irastorzak kontatu dio Feliperi.

Hausnarketara eramaten gaituzten adierazpen asko daude aldizkari honetan. Formatik haratago, edukiari ere erreparatu behar zaio esaldiz esaldi bildu diren paragrafoetan. Orain arte Hegatsen beti egin izan den bezala.

Bada, bitxia da irakurtzea gizakiak gaur egun ez zukeela poesia asmatuko eta, aldi berean, poeta gazte batek esatea Interneti esker, Instagram, Facebook eta Twitterri esker, badaudela poeta superstar modukoak, eta poesia bigarrenez jaiotzen ari dela. Ederra.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)