Albisteak

Hondamuinean, originalaren pare

Asteazkena, 2018-11-21

Farmazia Beltza argitaletxeak Zerocalcare marrazkilari italiarraren 'Hondamuinean' komiki liburua plazaratu du. Koldo Izagirrek egin ditu itzulpen lanak. Aurkezpen ekitaldian David Zapirain eta Garbińe Ubeda izan zituen bidelagun.

Michele Rech marrazkilari italiarrak Zerocalcare izengoitiarekin sinatzen ditu bere komiki lanak. Kobane Calling liburuarekin lortu zuen osperik handiena. Farmazia Beltzak lan hori itzuli zezakeen, edo aurreko beste komiki libururen bat. Baina horren ordez, Zerocalcareren berrienera jo du eta Macerie prime (Bao Publishing, 2017) liburua ekarri du euskarara. Gurean, Hondamuinean izenburupean argitara emana. Koldo Izagirrek egin ditu itzultzaile lanak.


Astro gurutzaketa baten emaitza 

Liburu honek ez du gaztelerazko bertsiorik ezagutzen oraindik. Frantsesezko itzulpena oraintsu eman dute argitara. “Zer gertatu behar du, hemen, gu besteen pare jarri ahal izateko eta gure hizkuntzan halako deskubrimenduak egin ahal izateko?”, Garbińe Ubedak egin zuen galdera, Komikigunean batuta geunden kazetarien aurrean. “Galdera horren erantzuna hemen duzue. Hondamuinean astro gurutzaketa polit baten emaitza da”.


Hizkera postproletarioa

Koldo Izagirrek ez du italiera menderatzen baina David Zapirain Farmazia Beltzako arduradunaren aholkularitza izan du uneoro. Zerocalcareren komiki honetan hiru hizkera maila topatu ditu Izagirrek. Narratzailea dago batetik. Narratzailea eta bere ingurua bestetik. Narratzailea eta bere ume garaiko lagunak azkenik. “Hiru hizkera horietan erregistro ezberdinak daude. Hasiera batean, gauza autobiografikoa izanik, iduri luke inpostura bat praktikatzen duela hizkera zatarra erabiltzen duenean. Ez da horrela”. Lagunekiko eta bere koadrilarekiko atxikimenduaren adierazle dela dio Izagirrek. “Erregistro hori hor bakarrik erabiltzen du. Extraradioan hazi izan garenok erabiltzen dugun bezala".

Koldo Izagirreren esanetan, "hizkera postproletario horretan" edukia bezain garrantzitsua da forma. "Beraz, erronka izan da leialtasun bat agertzea baita forman ere".


Jatorrizko edizioaren maila berean

“Inork eskatu gabe egin dugu”, hala aitortu zuen David Zapirain Farmazia Beltza argitaletxeko arduradunak. Liburu hau euskaraz ematea “zaila zela bagenekien baina egin beharrekoa zela uste genuen”,  Donostiako Komikigunean eskainitako prentsaurrekoan aipatu zuenez. “Ondo pasa dugu baina hau egiteko ezinbestekoa izan da Italiako argitaletxearen eskuzabaltasuna”.

Itzulpenean bezala, edizioan ere ahalegin berezia egin dute. “Saiatu gara Italiako edizioa kopiatzen". Farmazia Beltzako kidearen esanetan, forman eta kalitatean, "originalaren parekoa da”.


 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)