Albisteak

Apirilaren 30ean amaituko da Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarietara aurkezteko epea

Ostirala, 2017-04-21

Literaturaren sorkuntza eta hedapena sustatzeko asmoarekin, Kutxa Fundazioak XLII. Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarietarako deialdia egin berri du. Lanak aurkezteko epea apirilaren 30ean itxiko da. Hauek dituzue oinarriak.

Oinarriak

01. Lehiaketa zabalik dago euskarazko nahiz gaztelaniazko idazleentzat, edozein delarik berorien nazionalitatea, jatorria edota bizilekua; lan originalak eta lehendik argitaragabeak eta inongo literatura-lehiaketatan saririk eskuratu gabeak aurkeztu ahal izango dira; baldintza hauek guztiek indarrean iraun behar dute epaia ematen den unera arte. Lanaren egileak Sariketara aurkezturiko lanaren autoretza ziurtatu behar du, eta ez dela beste lan baten kopia edo aldaketa, eta ez dela zendutako egile batena ere.

Irun Hiriko Kutxa Literatura Sari hauetara ezingo dira aurkeztu lehiaketaren edizio honetan Epaimahaikoak direnak.

02. Obrak DIN A4 formatuko orritan aurkeztuko dira (210 x 297 mm), tarte bikoitzarekin mekanografiatuak eta alde bakarretik idatziak. Lan bakoitzaren bi kopia bidali beharko dira, helbide honetara: "2017eko Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak", Gureak Marketing. Illarra bidea, 4. 20018 Donostia, eta kopia bat Pdf formatuan hona: literatursariak@kutxa.eus. Lanak onartzeko epea 2017ko apirilaren 30ean itxiko da.

03. Obrak izenburuaz bakarrik identifikatuko dira. Ez dute, beraz, egilea nor den adierazteko moduko xehetasunik izan behar. Eta aparteko kartazal itxi batean sartuko da, egilearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta ondorengo datuak: izena, abizenak, helbidea, telefonoa eta e-maila adieraziko dituena; kartazalaren kanpoaldean, berriz, obraren titulua eta zein modalitatetara aurkezten den aipatuko da, besterik gabe.

Halaber, ezinbestekoa izango da adierazpen sinatua bidaltzea argi eta garbi onartuz Sariketa honen oinarriak eta baldintzak, ziurtatuz lana ez dagoela erabaki zain beste Sariketaren batean eta egileak bere esku dituela obrari buruzko ustiapen-eskubide guztiak edozein formatan eta modalitate guztietan.

04. Kutxa Fundazioak Epaimahai bana izendatuko du sail bakoitzerako, eta horien erabakia apelaezina izango da. Literatura Lehiaketa honetan parte hartze hutsak oinarrion erabateko onespena adierazten du. Oinarri hauetan aurreikusi gabeko gorabeheraren bat sortzen bada, sailean saileko Epaimahaiak ebatziko du.

05. Lan irabazleen izendapena, plikak irekitzea eta saridunen aldarrikapena Irunen egingo da, 2017ko irailaren 23an, 13:00etan. Sariak emateko eguna erabakiaren berri ematen den egun berean jakinaraziko da.

06. Sarietako edozein gerta daiteke eman gabe, aurkeztutako lanek behar bezainbateko kalitate-mailarik ez baldin badute. Epaimahaiek ez dute aintzat hartuko 2017ko Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarietara obrak aurkezteko epemugatik epai-egunera bitartean beste Lehiaketaren batean saritua izan den obrarik, horren berri jakinez gero.

07. Horrela, bada, egilearen betebeharra izango da aurkeztutako obraren inguruan eta 6. oinarrian adierazitako epealdiaren barruan gerta daitekeen edozein aldaketaren berri ematea, idatziz, helbide honetara zuzenduta: Kutxa Fundazioa – Tabakalera – Andre Zigarrogileak plaza, 1. 20012 Donostia.

08. Berebat, Epaimahaiak hautatutako ezein lan ez da behin betiko irabazletzat aldarrikatuko harik eta oinarri hauetako 1. eta 6. puntuetan aditzera emandako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu arte.

09. Kutxa Fundazioak beretzat gordetzen du, esklusiban, epai-egunetik aurrera kontatzen hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan, lan sarituak argitaratzeko eskubidea (zuzenenan edo beste argitaletxe baten eskutik). Aipaturiko epealdi hori igaro ondoren, egileena izango da beren obrekiko eskubide osoa, baina, obra horien hurrengo argitalpenetan, irabazitako sariaren aipamen zehatza jaso beharko da.

10. Saritu gabeko lanak eta hauei dagozkien plikak ez dira itzuliko, desegin baizik, 2017ko Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien irabazleen aldarrikapena egin ostean. Aurkeztutako lanen egileekin ez da korrespondentziarik izango, eta aurre-epaileei dagokienez, hauek ez dute hautatuak izan diren tituluei buruzko inolako informaziorik emango.

11. Sariei eta oinarriei buruzko kontsultak helbide honen bidez egin daitezke: literatursariak@kutxa.eus


Modalitateak eta sariak

Euskarazko olerkia

Gutxieneko 800 bertsoko luzerako zeinahi errima, neurri eta gairi buruzko olerkientzat.

Saria: Garaikurra eta 15.000 euro.

Euskarazko eleberria

Gutxieneko 150 folioko gai eta idazkera libreko narrazioentzat.

Saria: Garaikurra eta 25.000 euro.


Gaztelaniazko olerkia

Gutxieneko 800 bertsoko luzerako zeinahi errima, neurri eta gairi buruzko olerkientzat.

Saria: Garaikurra eta 15.000 euro.

Gaztelaniazko eleberria

Gutxieneko 150 folioko gai eta idazkera libreko narrazioentzat.

Saria: Garaikurra eta 25.000 euro.

Gipuzkoako Foru-Aldundiak egindako salbuespenari esker, Sari hauek ez daude P.F.E.Z. zergari atxikita.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)