Albisteak

Identitatearen subertsioa helburu

Osteguna, 2018-05-10

Ana Isabel Morales itzultzaileak Judith Butleren Genero nahasmendua (Eskafandra) liburua itzuli du. Feminismoaren talaiatik, Butlerren saiakerak "identitatearen subertsioa proposatzen du bazter sexualetan bizi diren edo bizitzen saiatzen direnek aukera izan dezaten bizitza bizigarriak izateko".

Ana Isabel Moralesek itzuli berri duen liburuaren jatorrizko bertsioa 1990ekoa da eta Gender trouble: feminism and the subversion of identity izenburupean ikusi zuen argia. Judith Butler filosofoak gogoeta gai ugari landu zituen saiakera honetan. Zer da sexua zer gorputza zer generoa zer desira eta nork eta nondik eraiki, ekoiztu eta arautzen dituen ikertu zuen. Emea izatea egitate ‘natural’ bat ote da? Ala antzezpen kultural bat al da? ‘Naturaltasuna’ bera ere ez ote da eraikia? Eta, genero bitasuna? Sexua, generoa, desira ez ote dira boterearen eraikuntza soziopolitikoak? Ez ote gara heterozuzentasun diskurtso eta ekintza performatiboen etengabeko errepikapenaren bitartez ekoitzitako gorputzak? Gorputzaren, sexuaren, generoaren eta desiraren kategoria fundazionalak ez ote dira boterearen eraketa espezifiko baten emaitza? Arautik kanpoko sexu jardunek ez al gaituzte behartzen “zer da gizon bat, zer emakume bat” geure buruari galdetzera?


Identitatearen subertsioa

Feminismoaren baitatik bertatik jarrera kritiko eta eraikitzailez, identitatearen subertsioa proposatzen du bazter sexualetan bizi diren edo bizitzen saiatzen direnek aukera izan dezaten bizitza bizigarriak izateko. Ana Isabel Moralesek egin duen itzulpenari esker, Judith Butler filosofoaren saiakera euskaraz irakurri dezakegu orain: Genero nahasmendua, feminismoa eta identitatearen subertsioa. Liburua Elkar argitaletxeak eta Jakin aldizkariak sustatzen duten Eskafandra Bilduma Feministan topatuko duzue.


"Giltzarria da izan pentsamendu feministaren historian"

Asteartean aurkeztu zuten euskarazko itzulpena, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Ana Isabel Morales itzultzaileak adierazpenok egin zituen aurkezpen ekitaldiaren amaieran:

Bideoaren egilea: Elkar.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)