Albisteak

Intelektuala eta bizizalea, elkarren ispilu

Ostirala, 2017-10-20

Nikos Kazantzakisen eleberri ezaguna euskaratu du Luis Berrizbeitiak, eta Elkar etxearen eskutik kaleratu: Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak.

Literatura helenikoko izen handi bat iritsi da gurera

“Greziako XX. mendeko idazle handienetako bat da” Nikos Kazantzakis, halaxe azaldu du Luis Berrizbeitiak, haren obra ezagunena euskarara itzuli eta Elkarren eskutik argitaratu berri duenak: Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak. Nobel saria eskuratzeko aukera handiak izan zituen Kazantzakisek bere garaian, obra izugarri bat utzi zuen ondare, eta denetan jardun zen: “poeta, antzerkigile, kritikari, itzultzaile, saiakera-egile, bidaiari, politikari, filosofo, idazle…”. Kezka filosofiko sakonak ere bazituen, eta, horiei, batzuetan, “aterabide literarioa ematen zien”.

Bizitzari begiratzeko bi modu, talkan

Aterabide literario horietako bat dugu pasa den astean aurkeztu zen eleberria. 1946an kaleratu zen estreinakoz, eta, Berrizbeitiaren arabera, autobiografikoa da neurri batean: “Protagonista bi ditu lan honek; bat narratzailea izango litzateke, Kazantzakis beraren alter egoa, eta beste alde batetik, bere antagonista, Alexis Zorba, mazedoniarra jaiotzez eta Kazantzakisek urte jakin batean ezagutu zuena”. Zorba pertsonaia erreala izanagatik, bere izenak nobela honi esker lortu du “denboraz gaindiko nortasun bat”, beraz, kasu honetan, “inportantea da lan honetan jokatzen duen papera eta bere izenak hartu duen sinbolismoa”.

“Izaera eta aiurriz oso ezberdinak diren bi pertsonaien arteko topaketa” da eleberriaren muina. Narratzaile intelektuala kezkaz josirik dago, beste gizakiengandik aparte sentitzen da, eta hara non bizimoduz aldatu behar lukeela erabakitzen duenean, eta hurkoarekin hartu-eman zuzenean sartu, Alexis Zorbarekin elkartzen den, “tolesdurarik gabeko gizona” berau, bizitzaren zukua azken tantaraino xurgatu nahi duena.

Bakoitzaren aurria azken muturreraino eramanda, konturatzen gara “bi arketipo ditugula begien aurrean, munduari aurre egiteko edo bizitza antolatzeko bi era funtsezkoren arketipoak, eta talka hori oso-oso aberatsa da”, betiere Berrizbeitiaren arabera. Elkarrizketa bidez mamitzen da, batzuetan, talka hori, “debate biziak dituzte hainbat gairi buruz”; beste batzuetan, ordea, ekintzen bitartez gauzatzen da: “bakoitzak bere erara ikusten ditu gauzak eta orduan bide bi aurkezten zaizkigu”.

Bi arketipo hauen arteko talka gogoangarria mundu osora zabaldu eta ezagun egin zen 1964an, eleberrian oinarritu harturik film bat egin baitzuen Michael Cacoyannisek (Anthony Quinn estatubatuarrak jokatu zuen Zorbaren papera).

Itzulpenaren bide bihurria edo Greziara iristeko sei zubi

Bide bihurria ibili dute argitaletxeak eta itzultzaileak berak eleberria azkenean euskaraz argitaratzeko. Orain hogei urte inguru irakurri zuen Berrizbeitiak lehen aldiz liburu hau: “Irakurtzearekin batera liluratuta utzi ninduen, eta orduan sentitu nuen itzuli behar nuela, hainbat motiborengatik. Batetik, liburuak berak zeukan mami hori hain sentitzen nuen aberasgarria zela, non pentsatzen bainuen merezi zuela Euskal Herrira ekartzea; bestetik, banituen garai hartan hizkuntzari buruzko kezka batzuk, eta uste nuen liburua itzuliz izango nuela aukera erantzun batzuk aurkitzeko”. Zirriborroa eginda jo zuen Elkarrera, baina laster ikusi zuten ez zegoela modurik egile-eskubideak lortzeko, “antza denez Kazantzakisen ondorengoek blokeatuta zituzten-eta”.

Iaz jakin zuten eskubideak eskuragai zeudela berriro, hori bai, zenbait baldintza bete beharra zegoen, hots, oinarritzat hartzea ondorengoek eurek ontzat jotako bi itzulpen. Euskarazkoa ez da zuzenean grekeratik egin, aitzitik, ondorengoek ezarritako itzulpenak ez ezik beste lau erabili ditu Berrizbeitiak; guztira, sei bertsio: ingelesezko bi (Carl Wildman, 1953 eta Peter Bien, 2014; frantsesezko bat (Yvonne Gauthier, 1965); gaztelerazko bi (Roberto Guibourg, 1973, eta Selma Ancira, 2015) eta italierazko bat (Nicola Crocetti, 2014). “Hartu dira oinarri sei itzulpen, lau hizkuntzatatik, horiek hitzez hitz aztertu dira, elkarren artean kontraesanen bat zegoen puntuetan, eta puntu askotan dituzte kontraesanak, eta horiek kontrastatu ditugu grekerazko hiztun natiboekin, Estefania Batsolaki, Maria Kristaki eta Mariki Tsinouka, eta euskaldun batekin, Erramun Gerrikagoitia”. Prozedura ez dio inori gomendatzen itzultzaileak, baina azpimarratu du itzulpena “goitik behera” kontrastatua dagoela.

Euskara orotarikoa

Hain justu ere, Berrizbeitiaren jardun aberats eta zorrotza azpimarratu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak: “Esan daiteke idazle eta itzultzaile giputzok gure euskaran oinarritzen garela, eta berdin egiten dutela bizkaitarrek edo lapurtarrek; Luis Berrizbeitiak, ordea, orotariko euskara dauka bere buruan eta saiatzen da hori islatzen bere lanetan, hango eta hemengo esamoldeak eta hitzak erabiliz, ez erakustaldi bat egitearren baizik eta unean uneko esaldi hori euskaraz ahalik eta modu indartsuen, egokien eta adierazkorrenean emateko”.

Komunikagarritasuna helburu

Berrizbeitiak ere plazaratu zuen bere jardunari buruzko gogoetarik: “joskera progresiboa eta komunikatiboa erabiltzea” izan du helburu, izan ere, haren ustez, hori da “gaur egun daukagun erronka nagusia, dudarik gabe, hizkuntza aldetik, eta hor egin behar dira ahalegin guztiak, hizkuntzaren egitura berezkoa bortxatu gabe baina nolabait ere baliatuz eskura ditugun baliabide guztiak”. Berrizbeitiaren esanetan, gauden fase honetan, itzulpena ez da bihurtu behar “lantegi errutinario bat, baizik eta izan behar du hizkuntza aurreratzeko, hizkuntza abantzarazteko ekitaldi bat, ezaguera osoan egindako ekitaldi bat”.

Besteak beste, Berrizbeitiak azentua erabili du mendeko esaldietako iraganeko aditz-laguntzaileak markatzeko (adibide bat, 21. orrialdean: “Horiek izan ziren elkarri esan genizkiňn azken hitzak”). “Misterio asko ematen zaio gauza batzuei batzuetan, esanez hor tilde bat jartzea ez dakit zeren kontra doala, horrelakoak ezagutu ditugu euskaraz beste garai batzuetan ere, hatxea dela edo beste gauza asko direla, baina nik uste dut hori desakralizatu behar dela eta jarri behar dela helburu eta xede nagusi komunikagarritasuna eta ulergarritasuna”. Azentuak lagunduko badu mendeko esaldietako adiz-laguntzaileak errazago identifikatzen, “ez daukagu eskubiderik lagungarri hori ez erabiltzeko, zeren geure buruari harrika ari gara”. Berrizbeitiak ez du teknika hori “formula magiko” gisa aurkeztu, edonola ere: “estrategiak izan daitezke okerrak, nik erabili ditudanak edo beste norbaitek erabil ditzakeenak, baina helburua izan behar da argi, eta helburua da komunikagarritasuna lortzea, testu fluido eta irakurterraz bat lortzea”. Osterantzean, haren iritziz, “alferriko lana” da itzulpena.

Amu bat

Jakin-mina duenak, hemen irakur dezake liburuaren hitzaurrea, osorik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)