Albisteak

Ione Gorostarzu: "Ez da erditzea, bikoiztea da"

Asteartea, 2019-03-19

Bigarren poema-liburua aurkeztu du Ione Gorostarzuk: Ez da erditzea, Elkar argitaletxearen eskutik. Des egiten opera prima argitaratu eta zazpi urtera ekarri du bigarren hau, eta, besteak beste, ama izatearen esperientziak bildu ditu poemetan. Pasa den astean aurkeztu zuen liburua Donostian, Xabier Mendiguren editorea lagun zuela.

“Egia esan, idazteak ez du tarte handirik izan nire bizitzan azken urte hauetan, nahiz eta idazteari inoiz ez diodan utzi. (…) Urte hauetan bi seme izan ditut eta zaintza lanetan aritu naiz. Niretzako oso denbora gutxi izan dut, eta barne borroka handia izan dut horrekin” Des egiten(Elkar, 2012) estreinako poema-bilduma argitaratu zuenez geroztik pasa diren urteei buruzko gogoetarekin ekin dio Ione Gorostarzuk bigarren liburuaren aurkezpenari. Ez da erditzeadeitu dio, eta egilearen beraren esanetan, itzulera bat da: “Nire bizitzan, idatzi egin nahi dut”. Nahi horren emaitza dugu liburu berri hau.


 

Amatasuna erlatibizatu beharraz

Zazpi urteotan tarteka idatzi ditu poema solteak, berarentzat, eta buruan libururik osatzeko ideiarik ez zuela. Iazko udan, ordea, poemak txukuntzen hasi eta konturatu zen egon zitekeela liburu baterako “ardatz” bat, eta ordutik hona ibili da bilduma osatzeko lanetan, poemak berriak eginez eta beste batzuk finduz.

Liburuaren bizkarrezurra amatasunak osatzen du. Denak agertzen dira: haurra izan aurreko gorputza, haurdunaldikoa eta erditu ostekoa. Hala ere, poemetan badira bestelako gaiak ere, hala nola ahizpatasuna eta emakumeek beti erakargarri izateko sentitzen duten presioa. Edonola ere, gai zentralari helduta, hauxe adierazi du Gorostarzuk aurkezpenean: amatasunak eta amek izan beharko luketenari buruzko iruditegiak zama handia ezarri izan diela emakumeei, eta bere esperientzia propiotik idatzi duela, ama eta alaba izatearen gatazkaren bidea nola ibili duen agertuz.

Autoreak esan duenez, lagungarria suertatu zaio, oso, amatasunaren bidea hautu pertsonala ez dela ohartzea eta onartzea. Zentzu horretan, azpimarratu du ama hitza “erlatibizatu” beharra dagoela, eta nor bere neurrira ekarri. Hortik letorke liburuaren izenburua ere, liburuko azken poematik hartua. Hala dio: “Ez da erditzea / da bikoiztea / ez da egitea / da egotea / ez da haztea / uztea da”. Haurra ekarri duenaren eta haurraren beraren autonomiaren azpimarratu du.


 

Poesia, ez biografia

Aurreko liburuarekin konparatuta, zenbait aldaketa formal nabarmendu ditu egileak, adibidez, bigarren honetan poema narratiboak idatzi ditu. Bestalde, lehenengo liburuan ideiak eta kontzeptuak izan zituen abiapuntu, eta bigarrenean, ordea, gauza konkretuei tiraka idatzi ditu poemak. Hala ere, bada antzekotasunik ere bi liburuen artean, adibidez, umorearen erabilera.

Azkenik, nahi bat agertu du autoreak. Esan du, idaztean, ez duela izan irakurlerik buruan, eta bilduma osatzearekin batera hasi dela hartzailearengan pentsatzen. Zentzu horretan, irakurleak “poesia” ikustea nahi du, ez “biografia”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)