Albisteak

Ipuinak bulling-aren aurka

Osteguna, 2017-10-05

Fair Saturday fundazioak eta Bilboko Udalak narrazio lehiaketa bat antolatu dute. Ipuinen bidez, gazteak kontzientziatzea dute helburu.

Fair Saturday fundazioa eta Bilboko Udala dira Eskola-jazarpenaren aurkako ipuinak lehiaketaren sustatzaileak. Eskola garaian ematen diren oldarraldien aurrean, “gogoeta eragiteko eta kontzientzia hartzeko antolatu dugu”, aditzera eman dutenez.

Lehiaketa Bizkaiko gazteei zuzendua dago. 100 euroko 15 sari emango dira baina sari horiek gizarte arloko proiektuetarako erabili beharko dira. Sarituek eta ordezkatzen dituzten ikastetxeek aukeratuko dituzte proiektuok.


Epea: azaroak 25

Lehiaketa azaroaren 25era arte egongo da zabalik, eta 8 eta 23 urte bitarteko ikasleei zuzendua dago. Ipuinak euskaraz, ingelesez edota gaztelaniaz aurkez daitezke, ikastetxeetan edota email bidez: cuentos@fairsaturday.org


Poematika tailerraren lehen edizioa

Bilboko Udalak bestelako egitasmoak ere sustatzen ditu. Ideiak Martxan ekimenaren bitartez, Poematika izeneko tailerra abiarazi du. Lehen edizioa du hau eta Spoken Word Bilbao elkarteak koordinatuko du. 16 urtetik 35era bitarteko gazteei zuzendua dago tailerra.

La Matriz Espazioa (Bailen kalea, 11) izango da ekimen honen egoitza eta hiru saio aurreikusi dituzte: urriaren 6an, azaroaren 18an eta abenduaren 9an. Jardunaldi bakoitzaren prezioa 5 eurokoa izango da. Tailerra erdaraz eskainiko dute eta plazak mugatuak izango dira. Izena ematea mezu elektroniko bidez egin behar da: spokenwordbilbao@gmail.com

Poematika

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)