Albisteak

Iratxe Ormatza Imatz-en narrazioa: "Bertigoa"

Astelehena, 2018-11-19

Iratxe Ormatza Imatzen narrazio berria publikatu du Sinadurak atalean: "Bertigoa".

Sofan, orgasmoraino eraman du gogoa, atzamar umelekin alua igurtziz eta hankartea gozatuz. Barrua goitik behera askatu zaio, eta kuxinean isildu du garrasia: baten, bitan, hirutan. Ezustean harrapatu du eskolan Martzelok, eskua gerrialdean jarri, eta ezagunen arteko ohiturak agintzen duen baino apur bat gehiago luzatuz ukitua, eta, horrekin batera, orainaldira ekarriz gau hartan biek larrutan egin zutela. Martzelo, eskolako irakaslea, eta aita; Lide eskolako ama, eta itzultzailea. Alaiki agurtu Lide, eskua eta ahotsa gorputz birena balira bezala. Ukimena gailendu zaio Lideri ikusmenaren eta entzumenaren gainetik. Harrigarriro, edo ez, erruaren hiltzea biribildu zaio. Erauzi barik du oraindik Lidek, Martzelorekin larrutan egin izana. Umeei agur esan die, musu bina emanez, batere jaso gabe. Lagunekin daude; ez dute besterik behar. Gaur goizean ere haserretu zaie, gainera, berandu ibili direlako. Edo bera ibili ote da berandu? Seme-alabak jaikitzerako, gosaltzea eta haginak garbitzea besterik egin beharko ez balu, seme-alabengan jarri ahal izango luke arreta osoa, beste era bateko musuak eman.

Gorputza baretu ostean, ordenagailuko testuan atxiki ditu begiak eta garuna. Testua, esaldiak, berbak inhalatu, eta euskaraz jariatzen ditu, meditazio bat zelan. Horrela doaz orduak. Luzea da oraingo dokumentua; aste osoa beharko du itzultzeko bakarrik, zuzentzen hasi baino lehen. Bere burua ikusi duenean automatismo horretan emango dituela astegunak, sorbaldak arindu zaizkio ezker-eskuin.

Testuan murgilduta dagoela, zarataka entzun ditu emakume batzuk; leihora irten denerako, baina, betiko antzean dago kalea: autoen ilarak San Frantzisko kalearen goiko alde osoa hartzen du; batzuk gogaituta, klaxonari lotuta dute eskua, egoera hobetu guran; euren amorruaren bozgorailua baino ez da klaxona, ordea; gainerako bizilagunen belarriak mintzea baino ez dute lortu. Onurarik, batere ez. Kamioi txiki bat txarto dago aparkatuta: hiru bat gizon kamioitik zama ateratzen dabiltza, eta ondoko dendan sartzen, izerdi patsetan. Espaloian, behin eta berriz gelditu behar dira kutxei ahalegin handiarekin eutsiz, gora eta behera gizon asko dabiltzalako, baita andre batzuk ere. Bien bitartean, ondoko dendetako gizonak kanpora atera dira, lana ikusi, eta zelan azkarrago egin eztabaidatzeko, batez ere. Kanpotik dena da errazagoa. Bizkor atera dute kamioi barrukoa; luzeegi jo du, ilarako gidarientzat, segur aski.

Mutil bat andre bati deika dabilkiola entzun du: eh! eh! señora, señora!, atzerriko azentuarekin. Ahotsa asko goratu eta gero ohartu da Lide berari dabilkiola. Señora. Mespretxuzko aurpegia eskaini dio Lidek goitik, beheko balkoiko mutilari. Ilea ugari du buruan mutilak, garaurik ezagutu gabeko azala, eta arropa garestia aldean. Erasmus bat. Etxebizitza horretan, ondokoan eta lehengo solairuko bietan, lan bila etorritakoak bizi izan dira orain arte. Eskaileran ikusten ditu Lidek, ez du inoiz ikusi bizitzen urtebetetik gora egin duen inor; etxebizitza txikiak izan arren, asko batzen dira barruan, gurasoak seme-alabekin ere bai inoiz. Latza. Lehenengo solairuko ezkerreko etxeko leihoak sarri zabalik daude, hotz egin arren. Luka semearen laguna aurreko etxean bizi da, eta handik ikusi du etxe horren barrualdea: altzaririk ez, aulkiren bat ikusgai inoiz, argi gutxiko bonbilla bat sabaitik eskegita; zolda sumatu liteke. Txarrera ere egiten du negu gorrian: hoztasuna barrutik datorrela pentsatu daiteke.

Mutila gora eta behera dabil mugitzen besoak, señora-ka. Antza denez, orain gau bi afaria izan zuten etxean lagunekin. Lidek ez du ulertu zergatik hainbeste azalpen, eta barrura joateko keinua egin du. Señora, esan du ozenago, eta azaltzen segitu du: musika izan zuten, nahiko ozen dirudienez, zeren atea jo zieten. Zabaldutakoan, eskaileretatik andrazko baten ahotsa entzun zuten (ez zuten ikusi): isiltzeko. Isildu omen ziren. Lide gogaituta dago mutilarekin: mundua bere inguruan biraka dabilela uste du, antza baten. Musika lar ozen jarri dute, eta batzuk kexatu dira, eta zer? Beti pasatu da, eta pasatuko da. Festaren barruan zaudenean ez zara ohartzen kanpokoaz, pozarren zaude-eta han egotearekin. Festatik kanpoaldean trankil egon gura duzunean, besterik ez duzu entzuten, zarata baino, eta musika, batere ez. Llamaré a la policía, entzun dio gazte hantusteari. Buelta eman du: ¿qué? Poliziari deituko diotela, arrautzak bota dizkietelako balkoira. Mutilak iradoki dio atzoko andrea Lide dela, eta arrautzek bide erreza dutela Lideren balkoitik eurenera. Mutilaren buru hutsean neuronaren baten bila ibiliko balitz bezala begiratu dio Lidek. Ahots gora azaldu dio ez zuela ezer entzun, horrelakorik ez zuela, dena den, egingo, eta hobe duela bizilagunekin berba egin, eta gauzak konpondu. Ez duela behar polizia ezertarako. Gizalegez jokatzeko. Mesedez aipatu ere ez dio egin.

Barrura doala, bere artean pentsatu du ea belaunaldi tartea den, herrialde arteko tartea, edo denbora gehiegi ematen duen testuak irakurtzen, eta distantzia handiegia duen errealitatearekiko. Horrelakoetan, are eta gehiago handitzen zaio Lideri jendearengandik urruntzeko gogoa. Pentsamendutik igaro zaio Luziak eta Lukak egunen batean beheko mutilaren adina izango dutela. Hotzikararekin etorri zaio galdera: zelakoa izango da orduan euren arteko tartea? Ezinak hartu du, eta malko goibel bat isuri dio. Eskerrak itzulpena zain duen.

Eguna amaitutakoan, gauak ohera jaurti du Lide. Gurako luke irakurri; nekatuegi dago, ostera. Handik gutxira, ohean sartzen sumatu du Lidek Jon. Liburuan linterna txikia jarri, eta irakurtzeari ekin dio, bizkarra Lideri erakusten diola. Geldirik, arnasa isilik hartu du Lidek, lotan balego bezala. Non dago besarkatu nahi izaten zuen gizon hura? Aita izan aurreko gizona? Familia izateaz pozik agertzen zen hura? Galderak zapaldu ditu; ez du bere burua (bihotza?) aztoratu nahi, erantzunen bila. Etorriko dira, dena den, galderak gauean, ordu txikietan, goizaldean, eta begi-zuloetan geratuko zaizkio, ahaztu ez dezan bide luzea duela egiteko, apur bat lasai egon nahi badu.

Arraro egingo litzaioke Jonen alderdia hutsik egotea gau osoan, baina beteta dagoenean ere, arraro egiten zaio. Bien munduak gero eta urrunago daudela iruditzen zaio Lideri, eta elkarrekin osatutako mundua, berriz, gero eta txikiagoa. Badaki gaur ere gauez izartuko dela, eta iltzea ere igarriko duela (eta aurreko guztia), eta Jonen onberatasuna gogoratzen ahaleginduko dela, eta gomutara ekarriko balu onberatasuna, beste iltze batek zizt egingo liokeela; goiza izatea nahi izango duela, eta leihotik argitasunaren izpiren bat azaltzen denean, gura izango duela sakon lo egin, luzaroan. Samina izango du lagun, eta dutxan begiak itxiko ditu urak dena gainetik kendu diezaion. Beste lanegun bat.

Ekaitzaren ostean, barealdia. Igandea da: urrunean dago aste-barrua. Baleak ere arnasa hartzeko ateratzen dira itsasotik. Igande goizetan gertatzen da miraria, igandeetan da ia beti. Berandu jaikitzen dira laurak; gosarian elkartzen dira binaka edo hirunaka, bata amaitu barik dagoela, beste batek hasten du, eta ia goiz osoa, osoa ez bada, hartuta egoten da sukaldeko mahaia. Irratia izaten dute piztuta: berbotsa eta musika, antzokiko hondoko oihal bat zelan. Lasaitasunak hartzen du etxea; arazoek eta arrangurek atseden ere hartu behar dute-eta. Ohituraren bat izan behar, eusteko.

Txikia eta laburra da elkarrekin egindako mundua, baina igande goizetan ez dute gehiago behar, leku txiki eta denbora labur horretara egokituta daukate gogoa. Lideri irribarre txikiak ihes egiten dio Jonen begietara, Lukak ekarritako egunkarietatik begiak altxatu dituztenean. Irakurtzea maite dute. Jonek, berriz, begi irribarretsuak eskaintzen dizkio ia beti, gauza bera izango balu bezala gogoan. Miraria da beti-beti, ez delako beti-beti gertatzen, eta aste osoa eman dutelako haserre, edo ia haserre, biak ala biak. Seme-alabak dira antzezlan goibel horren ikusleak eta parte-hartzaileak. Zelan gogoratuko dute Luziak eta Lukak euren umezaroa? Bertigoa ematen dio Lideri.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)