Albisteak

Isaac Xubin idazle eta itzultzaile galiziarra ezagutzeko aukera

Asteartea, 2017-07-18

Isaac Xubin idazle eta itzultzailearekin solasean aritzeko aukera daukazue gaur, arratsaldeko 4etatik aurrera, Donibaneko liburutegian. Hain zuzen, Hugoenean dago ostatu hartuta Xubin bi astez, eta, aukera aprobetxatuta, solasaldi hau antolatu dute Donibaneko Liburutegiaren Lagunek.

Hugoenean, Donibaneko Idazlearen Etxean hartuko du ostatu Isaac Xubin idazle eta itzultzale galiziarrak bi astez.

Euskarazko liburuak galizierara itzultzeagatik dugu bereziki ezaguna Xubin: besteak beste, Joseba Sarrionandiaren, Itxaro Bordaren eta Harkaitz Canoren lanak jarri ditu galegoz. 2015ean, gainera, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpengintza Saria eskuratu zuen, Sarrionandiaren Tempo de Exilio poesia-antologia elebiduna itzultzeagatik. Azkena, Juanra Madariagaren SPrako tranbia itzuli du. Udazkenean argitaratuko da.

Hugoeneko egonaldiaren harira, solasaldia antolatu dute Donibaneko Liburutegiaren Lagunek. Gaur bertan izango duzue Xubin ezagutu eta harekin hitz egiteko aukera, 16etatik aurrera, Donibaneko liburutegian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, literaturaz gainera, euskararekin daukan harremana eta gastronomia ere aipatuko ditu.

Amu gisa, hona hemen Miel Anjel Elustondok iaz Argia aldizkarian egin zion elkarrizketa: "Euskararik gabe, ez dakit non nintzatekeen oraintxe".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)