Albisteak

Jean Echenozen euskarazko ondareari begira

Ostirala, 2017-09-15

Jean Echenoz autore frantziarraren bost eleberri irakur ditzakegu euskaraz; Gerardo Markuletak itzuli ditu denak, eta Meettok etxearen eskutik argitaratu: Ravel (2007), Lasterka (2011), Tximistak (2012), 14 (2014) eta Isil-mandataria (2016). Echenoz ondo ezagutzen duen Gerardo Markuleta itzultzailearen adierazpenei tiraka osatu dugu erreportaje hau.

Tarteka gertatzen da, euskal argitaletxe batek atzerriko autore baten alde egiten duela apustua, eta haren lanak euskaratzen dituela ugari. Igelak egin du, adibidez, Annie Ernaux eta Patrick Modiano idazleekin. Meettok-ek, berriz, Jean Echenozen eleberriak ekarri dizkigu, tantaka, 2007az geroztik. Iaz argitaratu zioten azkena, Isil-mandataria, eta bost dira honezkero.

IDAZLEA

Jean Echenoz 1947an jaio zen, Frantziako Orange (Vaucluse) hirian. Sendagile baten seme, Soziologia ikasi zuen Aix-en-Provence-n. Zazpi urte zituela, Alfred Jarryren Ubu errege irakurri zuen eta, askoren ustez, handik datorkio isekarako joera.

Lehen eleberria, Le méridien de Grenwich, 32 urterekin argitaratu zuen. 60ko hamarkadaren amaiera izaki, esperimentalismoa gainbehera zetorren. Echenoz –Raymond Roussel eta Gustave Flauberten irakurle– bere estiloa zehaztuz eta bere mundua eraikiz joan da, garaiko eleberrian nagusi ziren hainbat konbentzio bazter utzirik.

ITZULTZAILEA

Gerardo Markuletak (Oñati, 1963) Hispaniar eta Euskal Filologiak ikasi ostean, irakasle egin zituen hainbat urte; azken boladan, ordea, itzulpenari eta idazketari ematen dizkio osorik orduak. Hamaika liburu euskaratu ditu; iaz, besteak beste, Angel Gonzalezen poesia-antologia argitaratu zuen Susan, eta orain dela bi urte Michel Houellebecquen Sumisioa (Meettok etxearen eskutik hura ere). Gaztelaniara ere eraman izan ditu euskarazko lanak, adibidez, Anjel Lertxundiren Zu eta Kirmen Uriberen Mussche.

Jean Echenozekin harreman estua du, berak euskaratu baititu euskaraz dauzkagun Echenozen bost eleberriak. Isil-mandatariaren itzulpenaz hauxe esan zuen:

Echenoz itzultzea gozamen hutsa dela esango banu, ez nuke egia osoa esango.

Irakurleak erraz irensten badu ere, itzultzailearen ikuspegitik testua askotan konplikatu egiten da, bihurritu, keinuz beteta dago, inongo frantses hiztegitan agertzen ez diren neologismoz gainezka, itzulezinak diren eta, beraz, berregin edo birsortu egin behar diren esamoldez josita.

Baina Echenozen hitz laua itzultzeak zailtasun adina plazer ematen dizu, neke bezainbeste gozamen. Jatorrizko testua hartu, eta esaten duzu: honek zer emango ote du euskaraz? Baina lan horren guztiaren ondoren, euskarazko testua hartu, eta sinestezina egiten zaizu zeinen trinkoa eta aldi berean arina gerta daitekeen. Sortzen hasiz gero, nekez lortuko zenukeen testu aberats eta malgua, itzuli beharrak ekarri dizu.

BENETAKO BIZITZA FIKZIOZKOAK

Ravel, Lasterka eta Tximistak batera sailkatu litezke, guztiak oinarritzen baitira benetako jendearen esperientzietan: Maurice Ravel, Émile Zatopek eta Nikola Teslaren bizitzetan, hurrenez hurren. Markuletak hauxe nabarmendu zuen trilogia nolabaiteko horren inguruan (elkarrizketa, osorik, hemen):

Atal berezia osatzen dute Echenozen kontagintzan, azken aldikoa. "Fikzioak" deitzen ditu berak, benetako pertsonen inguruan eratutako narrazioak direlako, baina fikziozko pertsonaiak balira bezala erabiliak. Hau da, ez biografo edo historialari batek egingo lukeen moduan, ezpada literatur testu sortzaile baten eskutik. Horretan dute antza, eleberriaren kontzepzio berezi horretan. Gero, pertsonaiak ezberdinak direnez -artista, kirolaria, ingeniaria-, kontakizun bakoitzak ere bere molde berezia hartzen du, protagonistaren izaera eta inguruko giroaren arabera. Baina hirurek zuten izaera berezia: jeinuak, nartzisistak, bitxiak, bakarzaleak... eta hirurek izan zuten oso bizitza jakingarriak, bizimodu mundutarra baina bakartua, bitxikeriaz eta pasadizoz josiak... Hirugarrenaren kasuan bada alde txiki bat: Echenozek 'Gregor' izena erabiltzen du, benetakoa erabili beharrean, askatasun gehixeago hartzeko edo.

Errealitatea fikzionatzen denean, ohiko galdera da, zenbat den errealitate, zenbat fikzio. Echenozen nobelez ari, hauxe uste du Markuletak:

Itzul lanerako axola handirik ez dio, nik uste, eta horren kontu zehatza egiteko aditu izan beharko litzateke Ravel, Zatopek edo Teslaren biografietan. Baina irudipena daukat, izatekotan, zertzelada ñimiñoak izango direla asmatuak. Adibidez, Zatopek Brasilgo hotel bateko konketan erretzeko paperaz eginiko bolatxoak botatzen, hego-hemisferioan urak bestaldera egiten duela jira egiaztatzeko; eta, aldi berean, Pragako prozesuetan torturatutako bat bere emaztearentzako gutun bat idazten marka bereko paperean.

Baina, egia esan, hiruren bizimoduak nahikoa berexiak izan ziren, are xelebreak, asmatzen ibili beharrik izateko. Aitzitik, uste dut arazoa zer ez kontatu erabakitzea izango zela.

GERRAREN KONTRA

Lehen gerraren mendeurrena iristear zela, 2012an, eleberri labur bat argitaratu zuen Echenozek. Izenburua, sinple askoa, zenbaki bat: 14.

Mendeurren betean iritsi zitzaion euskarari gerraren aurkako aldarrikapen ozen hau; "ustezko heroismoaren patetikotasuna agerian jartzeko ahalegina" dena Markuleta itzultzailearen arabera.

Kritikarien arabera, bide berri bat hartu zuen Echenozek, benetako pertsonen bizitza fikzionatu ostean. Markuleta, ordea, ez dator bat:

[...] beharbada ez da hain bide bestelakoa. Trilogian pertsonaia historiko banarekin egindakoa, hemen gertakizun historiko batekin egiten du: eleberria ez da nobela beliko bat, gerraren aurkako aldarrikapen zorrotza bada ere. Echenozen meritu handienetako bat horixe baita: ez du etsitzen eleberri-generoaren konbentzioekin, beti koska bat estuago dihardu, generoari zuku gehiago ateratzeko asmotan.

Nire irudiko, Echenozek asmo berarekin idazten jarraitzen du: giza bizitzaren absurdua islatzen, izan gerra bat –gerra txikirik ez da–, izan artista, atleta edo jeinu baten bizitza. Literatur estrategia antzekoak erabiliz, buruargitasun bera erakusten du giza bizitzaren azterketa kupidagabea eginez, espanturik gabe, lazgarrienean ere irakurlea irribarre bat ezpainetan irakurtzera behartuz.

ATZERA FIKZIO-FIKZIORA

Eta, azkenik, atzera fikzio-fikzioaren bidera bueltatu zen Echenoz iaz. Jatorrizkoa argitaratu eta berehala jaso genuen euskarazkoa, Markuletak azpimarratu zuenez, baita gaztelaniazko itzulpena atera baino lehen ere. Halaxe arrazoitu zuen fikziora bueltatzeko erabakia autoreak:

Hamarkada oso bat eman nuen pertsonaia edo gertakari ‘historikoekin’ lanean. Horrek eragin zuen liburuxka sorta bat, zeinean fikzioak bigarren mailako lekua baitzeukan; fikzioak, ordea, beti jarraitu zuen hor, ate ostean. Baina nobelaren espaziora itzuli nahi nuen, eta bide horri berrekin. Abenturak kontatzea abentura bat da berez, eta faltan sumatzen nuen hori.

Markuletaren arabera, fikzio hutsera itzulita ere, bere estiloari leial eusten dio Echenozek azken liburuan:

Aurreko eleberriekin alderatuta, askoz ere luzeagoa da. Baina bere horretan irauten dute betiko ezaugarriek: labur eta trinko aritu beharra, gutxirekin asko esateko joera, kapitulu hasiera eta amaierak doitasun eta trebezia handiz jostea, eta halako urruntasun bat, ironiaren eta harriduraren artean.

Edonola ere, itzultzaileari, Echenozen prosa iruditzen zaio bereziki nabarmentzekoa:

Polita da nobela, baina politena bere prosa da, hitz-laua. Labur eta trinko idazten du, arin eta jostari. Oso berezia da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Mila esker, Hitzen Uberan!

    2017-09-15 12:12Gerardo Markuleta