Albisteak

"Jenisjoplinen" bidea

Asteartea, 2017-10-17

Urriaren lehen egunetan aurkeztu zuen Uxue Alberdik nobela berria: Jenisjoplin, Susa argitaletxearen eskutik. Aste honetan jendaurrean aurkezpenak egingo ditu Getarian eta Elgoibarren, eta Irakurrieran saioan ere elkarrizketatu berri dute. Jarraian topatuko duzue guztiaren berri.

Hitz hauek ekarri dizkigu Uxue Alberdiren liburu berriaren kontrazalak:

Baldintza makurrei aurre eginez zaildutakoa da Nagore Vargas, gaztaroa intentsitate handiz bizi izan dutenen grinarekin borrokatzera ohitua: autoritatearen kontra, benetakotasunaren bila, desafioek inarrosirik, barne bulkadaz, presaka maitatzen, bortizkeriari artez begira, arriskuari deika, edozertarako prest.

Bilbora iritsi zenean hiri bat gatazkan zeukan deskubritzeko; zenbait iraultza eta abentura, engaiatzeko; gorputz bat, biolentziaren eta erotikaren artean jokoan jartzeko.

Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua bizkortzen zuen garaiak gozatu zituen Nagorek. Baina orain, 2010eko irailean, 28 urte dituela, Artxandan dago Libre irratiko hiru lagunekin, azken bilkura moduko bat antolatu dute, jakinaren gainean segika dituztela txakurrak, preso hartuko dituztela ziurrenik eta itxi egingo dutela irratia.

jenisjoplin

"Jenisjoplin" aurkezten

Liburuan murgiltzen hasteko, edo hari buruzkoak lehen eskutik ezagutzeko, aurkezpen parea egingo du egileak aste honetan:

-Uriaren 18an (19:00) Getariako Alondigan: liburu aurkezpena.

-Urriaren 19an (19:00) Elgoibarko Pitxintxu liburu-dendan: aurkezpena Unai Villena eta Amoranteren laguntzarekin.

Susaren webgunean LIBURUA OSORIK topatuko duzue. Hemen berriz, Gotzon Barandiaranek Irakurrieran saiorako elkarrizketa entzun dezakezue:

314 Uxue Alberdi

 

Ikus ere aurkezpenaren berri Uberanen: "Nola asmatu identitate berri bat".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)