Albisteak

Jon Barberena: "Pertsonon ohiko kezkak eta gertaerak islatzen saiatu naiz"

Asteartea, 2018-12-18

Jon Barberenak Lauaxeta poesia lehiaketa irabazi du. Horrelako aipamenek animoak hauspotzen dituztela aitortu digu, "lagungarriak izaten dira idazten jarraitzeko".

Oina, abiapuntua antolatzaileak ipintzen du. Hori da lehiaketa honek duen bereizgarritasuna. Baldintza ala akuilu izan al da? 

Agian bertso mundutik natorrelako izanen da, baina eroso samar aritu naiz antolatzaileek finkatutako abiapuntuaren inguruan idazten. Hau da, behin gaia zehaztuta guk gai horren inguruan idatzi beharra genuen, eta iruditzen zait bertsolariok horrelako trantzetan ibiltzen ohituak gaudela. Erronka gisara hartu dut, baina jostatzeko aukera eman didanez, ikaragarri gozatu dut idazteko prozesuan. Bertzalde, ez ginen huts-hutsetik hasten, kasu honetan bagenekien zer gairen inguruan idatzi beharra genuen, eta hau sormenerako pizgarria izan daiteke.

 

"Neguko gaba" esamoldeari segika idatzi behar izan duzue. Tematika aldetik, nola definituko zenuke saritua izan den poema-sorta?

Esalmoldea estu-estuan hartu dut. Olerki guztietan aipatzen ditut negua, gaua edo hauekin erlazionatutako elementu baten bat. Neguko isiltasunak, izoztu ezin dezakegun denborak, beldurrak, gaueko malenkoniak edo udarekiko nostalgiak pisu handia dute lan honetan. Poema ilun samarrak dira, baina ez tristeegiak edo gordinegiak. Pertsonon ohiko kezkak eta gertaerak islatzen saiatu naiz.

 

Mungiako lehiaketa honetan azken urteotan sarituak izan diren poemak liburu batean batu dituzte. Hori ere pozgarria izango da, ezta? 

Arras pozgarria da. Kontent nago, batik bat olerkiak biltzeko eta argitaratzeko ahalegina egin delako. Maiz, saritutako lanek ibilibide laburra izaten dute, eta zer erranik ez, poesiaz ari garenean. Mungiako Udalak azken urteetan saritutako lanak biltzeko eta argitaratzeko nahia erakutsi eta ahalegina egin du, eta zinez eskertzekoa da. Badakit ez dela irakurle gutxi dituen genero honen salbazioa etorriko, baina behinik behin saritutako olerkiak argitaratuko dira, eta ez dira saritu ostean zokoratuko.

 

'Izoztu zitzaigun negu hura' poesia liburua plazaratu zenuen duela bi urte. Epe laburrean, beste poema libururen bat argitaratzeko asmorik bai? 

Denbora tarte txikian bi umeren aita izan naiz, eta egia errateko, Izoztu zitzaigun negu hura liburua idatzi nuenetik, fundamentuz idatzi gabe negoen. Bi urte hauetan, burura etorritako ideia solte anitz apuntatu ditut koaderno potolo batean, eta orain haurrak pixka bat koskortu direnez, ideia horiei olerki forma ematen saiatuako naiz. Gustatuko litzaidake ideia gehienek olerki forma hartu, eta konbentzimenduz argitaletxe baten batera hurblitzea. Halere, ez da erraza!

 

Saria jasotzeak gehiago idazteko grina piztu al dizu?

Sariek animoak hauspotzen dituzte eta lagungarriak izaten dira idazten jarraitzeko. Beraz, argitaratu edo ez, argi dut idazten jarraituko dudala.


Poema sarituak, sarean irakurgai

Jon Barberenak jaso du lehen saria eta Gotzon Plazak bigarrena. Saritutako poemak sarean daude irakurgai, Mungiako Udalaren web orrian. Hauxe esteka: Literatur Txapelketak.

Argazkia: Mungiako Udala.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)