Albisteak

Jon Barberenaren kolaborazioa: "Ikusiezinak eta ikusezinak"

Astelehena, 2019-02-11

Pasa den astean Alex Martinez Iturriaren testua publikatu ostean, hementxe duzue kolaboratzaile sare berriko bigarren sinadura: Jon Barberena, "Ikusiezinak eta ikusezinak" artikuluarekin. Segi irakurtzen!

jon barberena

Antibiotikoen erabilera egokia bideratzeko kanpaina martxan paratu berri da Nafarroa Garaian. Ana Beltranek, PPNko hautetsiak, gai horren inguruan biztanleak sentsibilizatzeko hedatu diren kartelak direla eta, hautsak harrotu ditu Twitterreko bere kontuan. Bertan, Nafarroako Gobernua euskara inposatzen dabilela adierazi du eta, ondorioz, Nafarroa Garaiko administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua indargabetzea eskatu du.

Direnak eta ez direnak aditu behar izan dizkiogu azken urte hauetan eta, egia erran, adierazpen horiek ez gintuzten harrituko, kartelak elebidunak ez balira. Hau da, karteletan idatzitako hitz guzti-guztiak euskaraz eta gazteleraz idatziak daude. Bi hizkuntzetan idatzitako hizkiek luzera, zabalera eta kolore berberak dauzkate. Kolore gorria erabili dute hitz garrantzitsuenak nabarmentzeko, baina hemen, berriz ere, nabarmendu dena Beltran andrea izan da. Ez dakit bere miopia antibioetikoekin konpon daitekeen, baina ziur naiz existitzen ez diren mamuen kontra egiteko botika eraginkorrik izanen dela. Euskaldunok ez gara ikusezinak zuretako, baina alimaleko ikusiezina eta gorrotoa sentitzen duzu gurekiko. Zure ezinikusia eta ezikusia anitzetan sufritzea suertatu zaigu.

Zoriontasuna ez da medikuaren kolorezko piluletan aurkitzen, ekintza ttipiek definitzen dituzten lorpen kolektibo handietan, berriz, bai. 2015eko hauteskundeetan aldaketa gauzatu zen Nafarroa Garaian eta Iruņean. Aldaketarekin batera ilusioa berpiztu zitzaigun gorputz gris itzalietan, nahiz eta zenbaitetan aldaketak ez diren amestutako dimentsioetara ailegatu. Aranzadi eta Ahal Dugu-Orain Bai aferak nahasten dabiltza azken aldian, eta ez dakit zer pasako den maiatzeko hauteskundeetan. Agian, niri ere miopiak ez dit urruneko gauzak behar bezala ikusten uzten, baina hurrengo hilabeteetan inoiz baino osasuntsuago gaudela pentsatu nahiko nuke, sekula baino eriago sentitzen garen arren. Ea Prozac-aren beharrik ez daukagun biharamunean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)