Albisteak

Jukebox ekahitza, hitzak eta armak

Asteartea, 2017-09-05

Paddy Rekaldek Spray (Susa) liburuko poemak irakurri zituen atzo Donostian, Poesia Orduak ekimenaren barruan. Arkaitz Callado DJ Itsua eta Oier Flores artista bisuala izan zituen bidelagun "Jukebox ekahitza" emanaldian. Poesia, kalea, belztu beharreko horma zuriak, hitzez koloreztatu beharreko samin sozialak, pasioa eta sua. Jarraian lagin txiki bat.

HIRI PHOTOSHOP

gainezka egiten duten kontainerrak

baita erreta dagoena ere

 

banku batean erdi lo datzan morroi etxegabea

ondoan daukan ondasun guztia: bi poltsa eta txakurtxoa

 

California night club iragartzen duen neoizko errotulua

putetxeari gauez argi urdinkara ematen diona

 

teilatuen gainetik ikus daitezkeen tximinia zaharrak

eta hauetatik sigi-saga zerurantz isurtzen den kutsadura

 

presoei elkartasuna eskaintzen dien graffiti koloretsua

askotan ezabatua baina behin eta berriro berregina

 

horiek guztiak desagerrarazi ditu udal diseinugileak

bisturi zorrotz zehatz bihurtua duen photoshopaz

 

eta orduan egoki eta zuzen eta

batez ere argitaragarri iritzi dio irudiari

hiri top model horren turismo webgunean jartzeko

 

interneten irudi anputatuaren aurrean balizko bisitariei

hasperen luze-luzea aterako zaie aho zulotik

 

hiriko goi mailako ostalariei berriz

irribarre maltzurrez adurra

 

 

POETAK ETA BANDERAK

 

                                                                My pen is a weapon

                                                                Peadar O'Donnell

 

Mahmud Darwish poetaren hileta argazkiari begira nago.

Hilkutxaren gainean bandera palestinarra ipinita daroa

eta dozenaka esku hura ukitu nahian dabiltza:

 

Hil ezina zara, Darwish, hil ezina gure bihotzetan!

 

Ez dakit zeinek esan zuen

banderak poeten hilkutxen gainean jartzeko direla,

Herriaren poeta hilak janzteko,

Herri osoaren besarkada, laztana,

maitasuna adierazteko direla.

Eta nik ere halaxe uste dut:

banderak oihal margotu hutsak dira

ez badaukate herri oso bat atzean,

borroka duina alboan.

 

Argazkiari begira nago, begiak bahituta,

eta photoshoparen beharrik gabe esan liteke

Mahmud Darwish poetaren hilkutxa hegan doala

laztandu nahi duten eskuen itsaso horren gainetik.

 

Eta begiratu horretan zera etorri zait gogora:

badira beharrezkoak diren banderak

eta are gehiago

badira Herriaren bandera merezi duten poetak,

poesia arma ikaragarria izan daitekeela

erakutsi duten poetak.

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)