Albisteak

Kalean da Hegats aldizkariaren 56. zenbakia

Asteartea, 2018-12-04

Kalean da Euskal Idazleen Elkarteak urtero plazaratzen duen Hegats aldizkaria. Aurten Garazi Arrula Ruizek zuzendu du aldizkaria, eta “Hitz beste” kontzeptua izan du ardatz. Ahotsenean aurkeztuko da aldizkaria, abenduaren 7an 17:30ean.

Aurpegi ezberdinen argazki zatiekin osatutakoa, horixe da aurtengo Hegats aldizkariaren azal berria. “Hitz beste” da aldizkari osoa ardaztu duen kontzeptua. Garazi Arrula Ruizen esanetan “Irakurleez edo, hobeki esanda, horien gabeziaz kezkaturik gauden honetan, sortzaileengan eta espresiobideetan jarri dugu guk arreta. Aurtengo aleak Hitz beste den horri erreparatu dio, hitza dialogoan jartzen baita hamaika sorkuntza adierazpiderekin”.

Arrula Ruizen esanetan “idazlearen irudikapena zabaltzea ere izan dugu asmo. Literatura Terminoen Hiztegiaren arabera, hizkuntza helburu artistikoak lortzeko erabili ohi duena da idazlea, autorea edo egilea, hots, literatura sortzailea. Eta literatura aurkitzen ahal dugu abestien letretan, arkitekturan, tabernetako komunetan, irratian, karriketako pintadetan, oholtzan, harategiko arbelean”. Literatur idazleez gain gidoilariak, artistak, antzezleak, ipuin-kontalariak, ikertzaileak eta kazetariak ere gonbidatu dituzte 56. zenbaki honetako orrialdeetan hitz beste egitera, solas egitera, gogoetatzera, “hitzarekin duten harremanaz, hitzaren eta bestearen arteko harremanez solasean jarri ditugu”.

Elkarrizketa eta erreportajeez gain, urteak eman duenari errepasoa eman dioten atalak ere bildu dituzte, eta luzea izan da kolaboratzaileen zerrenda. Kazetari eta idazle lanetan jardun dira, besteak beste, Ander Perez Argote, Yurre Ugarte, Bakartxo Arrizabalaga, Garazi Ugalde Pikabea, Ibon Egańa Etxeberria, Miel A. Elustondo eta Danele Sarriugarte Mochales. Irudi bitartezko idazketa egin dute Laura Ruiz Saenzek eta Nora Aurrekoetxeak.  Sara Berasalucek egin ditu aldizkariko argazki gehienak.

Garbile Ubeda: “Gauza bestelako bat egiten saiatu gara urtero, ohiko ildoetatik ihes egingo duen zerbait, eta bestelako errezetak ekarriko dituena”.

Garazi Arrula Ruiz: “Hegatseko aurtengo alean hitza beste diziplinekin dialogoan jarri dugu, hamaika sorkuntza adierazpidetan hala gertatzen baita”.

Ibon Egańa: “Aurtengo gertakari inportanteetako bat izan da ETAren desagertzea. Gertakari hori abiapuntutzat hartuta gatazka, indarkeria eta literaturaren inguruko artikulua idatzi dut, beste enfoke bat emanez, feminismotik azken urteetan planteatu diren galdera batzuekin”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)