Albisteak

Kalean dira Zabala eta Serranoren lan sarituak

Asteazkena, 2016-04-20

Juan Luis Zabalak eta Asier Serranok irabazi zuten 2015eko Kutxa Irun Hiria lehiaketa, eleberrian eta poesia, hurrenez hurren. Liburuaren egunaren ataritan, atzo aurkeztu zituzten bi lanak, Donostian. Zabalaren eleberria, Txistu eta biok, eta Serranoren poemategia, Ateosteko itzalak. Algaida argitaletxeak kaleratu ditu.

Idaztea, ukendu

Halakoxe izan da Asier Serranorentzat behintzat Ate osteko itzalak liburuko poemak idaztea. Krisi pertsonal bat bizitzen ari eta idazteak terapia modura balio izan diola esan zuen atzo, liburua aurkezten hasi eta berehala. Eguneroko bat ere izan zitekeen: etxe huts batean bakarrik dago pertsona bat eta itzalei baino ez die sartzen uzten. Itzal horiei buruzkoak dira poemak. Serranok esan zuenez, nahi izan zuen kaktus bati besarkatuta egin idazketaren bidaia, eta talaia horretatik erreparatu bizitzari eta gizarteari. Miseriaz betetako liburua da, ez mirariz. Hala ere, badago miraririk idazlearen ustez, hain justu, miraririk handiena gertatzen da poemategiaren amaieran, itzalen osteko argia agertzen baitzaio.

Libre idatzi, eta gero gerokoak

Juan Luis Zabalaren eleberriko protagonistak badu antzekotasunik Zabalarekin berarekin. Autoreak esan zuenez, ez daki xuxen autofikzio bezala sailkatu behar ote litzatekeen bere azken eleberri hau, Zabala bera ez baita izenez agertzen; areago, protagonista autorearen alter ego bat da. Haren txakurrari gaitz bat diagnostikatzen dioten egunean abiatzen da eleberria, baina txakurraren osasunari lotutako kontuez aparte, protagonistak hainbat gairi buruzko hausnarketak egiten ditu. Badago hari polizial bat ere: protagonista eta Txistu txakurra paseoan doazela hilotz bat aurkitzen dute.

Liburua idazteko orduan bi lan suertatu zaizkio lagungarri, iturri moduan, Zabalari: Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Jon Alonsoren Zintzoen saldoan. Arte garaikidea ere izan du gogoan Zabalak: bere ustez, sailkapenei hainbeste erreparatu gabe aritzen dira artista garaikideak. Literaturan, ordea, zailagoa da ohikoa ez den liburu-mota batekin ateratze. Eta Zabalak horixe nahi zuen, txakurraren hariari tiraka hasi eta, idazten gustura baitzebilen, idaztea. Gero gerokoak eta hemen eleberria.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)