Albisteak

Kazuo Ishiguro itzultzeko hautagai bila

Astelehena, 2017-11-06

Jokin Zaitegi Sariketari esker, literaturako Nobel saridunaren lanak itzultzen dira gurean. Hortaz, aurtengo deialdian, Kazuo Ishiguro idazle japoniar-britainiarra itzultzeko hautagaia aukeratuko da. The Remains of the Day izango da egokitu beharko den eleberria. Lanak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da. Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabier Payák osatuko dute epaimahaia.

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak dira Jokin Zaitegi sariketaren sustatzaileak. Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntza jasotzen dute. Era honetan, "arrasatear idazlea gogora ekarri eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraipena eman nahi zaio".

1. 2017an Suediako Akademiak Kazuo Ishiguro idazle japoniar-britainiarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren The Remains of the Day eleberria itzularaztea da.

2. Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako pasartea euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 22an amaituko da.

3. Itzuli beharreko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku. Testu hori Internet bidez lor liteke, ondoko helbide honetan: Literatura Nobel Sariak.

4. Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabier Payák osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen.

5. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

6. Irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du The Remains of the Day itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2018ko irailaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

7. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Ishiguroren eleberria euskaraz, 2018ko Durangoko Azokarako ahal dela. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

Harremanetarako:

Elkar:  943310267 / liburuak@elkar.eus

AED elkartea: 943771228 / aed@aedelkartea.eus

8. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)