Albisteak

Galder Perez: "Komedia beltza izateaz gain, komedia politikoa dela gehituko nuke"

Osteguna, 2017-11-02

Ostiral honetan, Berako Kataku Ostatuan, "Morbus Operandi" antzezlana taularatuko dute lehen aldiz. Ane Zabala eta Aiora Sedano aktoreen lanaz, estreinaldiaz eta obraren mamiaz hitz bi egin ditugu Galder Perezekin, antzezlanaren gidoigile eta zuzendariarekin. 

Ikusleak zer nolako antzezlanarekin egingo du topo?

Ikusleak oso gertutik, oso modu morbosoan, menperatzailea eta menperatuaren arteko jolas gordin eta lizunarekin egingo du topo. Botere politikoa, ekonomikoa eta soziala soka berari lotuta doazela erakusten duen adibide zehatza da  Morbus Operandi. Enpresa emakume handi batek, mende honetako iruzur handienetakoa egin du Eusko Gourmet enpresarekin. Aberasteaz gain, kartzela saihestu eta turismo kontseilari izendatuko dute. Izan ere, boteredunak familia handi batean bezala murgiltzen dira, elite deitzen zaioa horretan; etsaiak izan, badituzte baina ez da erraza kontrola duenaren aurkako mendekua aurrera ateratzea. Kontrolak, nola ez, dena du kontrolpean. Azken finean, edozein langile zein langabetuk, zein mendebaldeko seme alabok pairatzen dugun eguneroko sufrikarioaz eta engainuaz ari da antzezlana. Boterea identifikatzen dugu, hortik ihes egin nahi dugu, baina berarengandik aldentzen garenean botereak berak bere instrumentu morboso eta lizunenak ateratzen ditu bere katera buelta gaitezen berriz ere.

Behin eta berriz errepikatzen den zerbait da hau guztia, izan egunero, hilero, zein historiako ziklo ezberdinetan. Horregatik, antzezlana borobilean planteatzen dugu. Hau da, ikusleek antzezleak inguratzen dituzte, horrela antzezteko aukera dagoen tokietan behintzat. Horrek ere ematen dio kontrolari zentzua, gertutasun morboso korapilatsua: zirkunferentziak batek hortik ezin ateratzearen  sentsazioa ematen du, zirkulu batetik ezin atera gaitezke eta hortxe bueltaka gabiltza. Azkenean, denak  zirkunferentzian harrapatuta izango dira, bai ikusleak zein antzezleak.


"Inguratzen gaituen hori hankaz gora jartzeko gaude"

Umorea bidelagun izan duzu zure ibilbide artistikoan. Bide beretik al dator Morbus Operandi antzezlana?

Umorea badu, eta asko, gainera. Komedia ere bada, etenik gabeko komedia; baina azkenean geratzen zaigun sentsazioa puta graziarik izan ez duen kontua dela da. Horren bila ari gara behintzat. Arnasa hartzeko denbora gutxi ematen duen komedia da, salto asko egiten ditu, testu aldetik, zein antzezpen aldetik. Lana ikusterakoan algara asko dira bai, baina ondoren jipoi bihurtzen diren barreak dira. Zalantzarik gabe, komedia da, bai,  komediaren baitan drama dagoela ahaztu gabe. Baina komedia beltza izateaz gain, komedia politikoa dela gehituko nuke.

Kontatzen duguna istorio unibertsala bada ere, Euskal Herrian gertatu eta garatzen da, bertako errealitate eta erreferentzia etengabeekin. Egunero gertatzen den euskal joko politikoak komediari jaten emateko goxoki eta edabe pozoitu paregabeak ematen dizkigu. Badugu horiek taulara eramateko garaia. Ihes egin dezagun “humor vasco” deitzen zaion horretatik, eta arakatu dezagun ustezko “euskal politika” horretan; jar ditzagun erreferentziak horiek biribil honen erdian, zirko pista izango bazen bezala. Aktoreak, sortzaileak, inguratzen gaituen hori hankaz gora jartzeko gaude, kontatzeko, horri barre egiteko edo horren gainean kaka egiteko.

Honakoan, ez zara zu Ane Zabalaren alboan arituko den aktorea. Aiora Sedano baizik. Eroso sentitzen al da bat oholtzatik kanpo?

Bai, eroso sentitzen naiz. Sekulako aktoreak dira Ane eta Aiora. Hirurak lanean asko gozatzen ari garela uste dut. Haiekin lan asko konpartitu izan dut taulan elkarrekin antzezten, zein taulatik kanpo, ni zuzendari. Honakoan horrela tokatu da. Istorioak horrela izatea eskatzen baitzuen. Bi emakume eskenatokian, botereaz eta boterearen azpijokoez jolasean.

Ane Zabalarekin oraindik antzezten jarraitzen dut, eta jarraituko dugu. Aiorarekin batera “Bibote Gorriak” deitzen diogun taldetxoa sortu genuen, eta gauza berri gehiagotarako asmoak baditugu, honen jarraian lanean jartzeko modukoak, eta ziurrenik, beste norbaiti tokatuko zaio kanpoan egotea.

Tarteka inbidia sentitzen dut, hori ere aitortu beharra daukat. Faltan botatzen dut antzeztea, edo gehiago antzeztea. Baina urtebete antzerkia sortzen egon barik pasa eta gero, hementxe bueltan nago, oso gogotsu, eta gauza asko kontatzeko gosez, edo amorruz, eta beharrez.


Morbus operandi, lehen emanaldiak

Azaroaren 3an, gaueko 22:00etan Kataku ostatuan.

Azaroaren 24an, Ugaoko kultur etxean.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)